Bederatzigarren legealdiko Eusko Legebiltzarreko lehen osoko bilkuran Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearra ixteko EAk egindako proposamena alderdi guztiek babestu dute, UPDk eta PPk izan ezik. Beraz, lehen aldia da Eusko Jaurlaritza eratu zenetik PSE-EEk eta PPk boto ezberdina ematen dutela.
PSE-EEk esana zuen EAren proposamena babestuko zuela. Dena den, proposamen horri Garoñako langileen etorkizuna bermatzeko zentralaren inguruko plan industriala gehitzeko galdegin dio EAri. Era berean, Legebiltzarrean energia ereduaren gainean eztabaida zabaltzea ere adostu dute Aralarrek proposamenari egindako zuzenketari esker. EBren eta PSE-EEren baiezkoa jaso du zuzenketak.
Espainiako Gobernuak uztailaren 5a baino lehen erabaki beharko du zentral nuklearraren jarduera beste hamar urtez luzatuko duen edo itxi egingo duen.
1970ean sortu zuten Garoña. Nuclenor enpresak kudeatzen du -Endesa eta Iberdrola dira Nuclenorreko kide-, eta luzapena galdegin du.
Espainiako Senatuan Zubia, Lertxundi eta Iturmendi izango dira
Gaurko bilkuran, Garoñaren itxieraren inguruko proposamena bozkatzeaz gain Espainiako Senatuan Eusko Jaurlaritzak izango dituen ordezkariak ere hautatu dituzte. Joseba Zubia (EAJ), Roberto Lertxundi (PSE-EE) eta Juana Iturmendi (PP) izango dira kargu hori beteko dutenak aurreikusita zegoen moduan.
Orain arte EAJk bi senatari zituen eta PSE-EEk bat. PPk, aldiz, ez zuen ordezkaririk, baina popularren eta sozialisten arteko adostasunari esker PPk ordezkari bat lortu du, eta EAJk bat galdu du.
Zubia Eusko Jaurlaritzako presidentziako kontseilaria izan zen eta Espainiako Senatuan zegoen egun.
Lertxundi Euskadiko Ezkerrako buruzagi historikoa da, eta berriz ere politikara itzuliko da hamarkada bat urrunduta eman ostean. Sona handiko ginekologoa da eta Victor Urrutia ordezkatuko du karguan.
Iturmendi pasa den legealdian legebiltzarkidea izan zen eta lehen aldiz ibiliko da senatari lanetan.
Kontzertu Ekonomikoari argi berdea
Orain bi urte onartu zuten Eusko Legebiltzarrean Kontzertu Ekonomikoa babesteko asmoa eta gaurko bilkuran ere, asmo hori aurrera atera da. EAJk egin du Kontzertu Ekonomikoaren aldeko legez besteko proposamen hori eta UPDk izan ezik gainerako alderdi guztiek babestu dute.
Hala ere, Kontzertu Ekonomikoaren proposamenak atzean xede politikoa eta gizarteari horren inguruan existitzen ez den kezka sortzea aurpegiratu diote EAJri PPk eta PSE-EEk.
politika
Garoña ixteko proposamena babestu dute Eusko Legebiltzarrean, PPk eta UPDk izan ezik
Jaurlaritza eratu denetik lehenengoz PSE-EEk eta PPk boto ezberdina eman dute erabaki baten inguruan. Bestalde, bilkuran Joseba Zubia (EAJ), Roberto Lertxundi (PSE-EE) eta Juana Iturmendi (PP) hautatu dituzte Espainiako Senatuan Jaurlaritzaren ordezkari izan daitezen. Kontzertu Ekonomikoaren proposamena ere aurrera atera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu