Gizartea

Garoñak datozen hamar urteetan beste 150 milioi euro inbertituko ditu

Zentral nuklearraren enpresak dio beste 400 laguni zeharka lana emango diela. 'Garoña: jarraitzeko arrazoiak' txostena atera du gaur Nuclenorrek. "Beste 60 urtez funtzionatzeko moduan dago". Aldiz, zentralaren egoera "oso larria eta arriskutsua" dela dio Greenpeacek.

2009ko ekainaren 10a
19:50
Entzun
Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) kudeatzen duen enpresak, Nuclenorrek, hurrengo hamar urteetan beste 150 milioi euro inbertituko dituela jakinarazi du gaur. Horretaz gain, gaurko 700 lanpostuei eusteaz aparte, beste 400 laguni zeharka lana emango diela esan du. Endesa eta Iberdrola enpresak dira Nuclenorreko jabe, eta honek Garoña: jarraitzeko arrazoiak txostena atera du gaur. "Beste 60 urtez edo gehiagoz funtzionatzeko moduan dago, baldintza perfektuetan", dio.

1970ean sortu zuten Garoñako zentral nuklearra, eta Espainiako Gobernuak uztailaren 5a baino lehen erabaki beharko du itxi edo ez, baimena luzatuko dion edo ez. Espainiako Segurtasun Kontseiluazentralaren jarduera hamar urtez luzatzearen alde agertu berri da, baina segurtasuneko baldintzak bete behar direla ohartarazi du.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak gaur berriro agindu du Garoña ixteko konpromisoa duela, baina ez du zehaztapenik eman. Zentralaren baliagarritasun aldia 2011n amaituko da.

Garoñarentzat ustiapen baimena hamar urtez luzatuko balute, 25 milioi tona CO2 gutxiago isuriko lirateke atmosferara, Nuclenorrek dioenez. 1,6 milioi euro aurreztuko liratekeela ere adierazi du.

Greenpeaceren salaketa

Garoñako zentral nuklearrak martxan jarraitzeak egoera "oso larria eta arriskutsua" ekar dezakeela nabarmendu du Greenpeace erakundeak. Zentraleko "hoditerien %70 pitzatuta eta erdoilduta" daudela salatu du.

Espainiako Segurtasun Kontseiluak Garoñaren jarduera hamar urtez luzatzeko erabakia hartu zuenean "hoditeriaren kalte nabarmenak" ez zituela kontutan izan adierazi du Greenpeacek.

"Urtea hasi zenetik bederatzi gorabehera izan ditu zentral nuklearrak, azkena maiatzaren 9an, erregaiaren elementuko arazo batek erradioaktibitatea handitzea ekarri zuenean. Harritzekoa da erregaia igarotzen den hoditeria batek modu horretako hainbeste arazoa izatea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.