Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak (CSN) Espainiako Gobernuari gaur jakinarazi dio Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearrari jarduteko baimena hamar urtez luzatzearen alde dagoela, ostiralean zabaldu zen bezala, baina zentralak jarduteko segurtasun arloko baldintza batzuk bete beharko dituela ohartarazi du CSNk.
Besteak beste, segurtasuna areagotu egin beharko du Garoñak -azkenaldian matxura batzuk eduki ditu-, suteen kontrako eta hondakin erradioaktiboen tratamendua hobetu beharko du... Hamabost baldintza jarri ditu CSNk. Garoñako enpresa Nuclenorrek -Endesak eta Iberdrolak osatua- horiek ez baditu betetzen, zentrala ixteko eskatuko duela esan du kontseiluak gaur.
Hain zuzen, gaur igorri dio txostena Gobernuko Industria Ministerioari, eta honek uztailaren 5a baino lehen hartu behar du erabakia: zentrala itxi edo ez, baimena beste hamar urtez luzatu edo ez. Segurtasun Kontseiluaren iritzia zein den kontuan hartuta, baimena luzatuko dio seguruenik. PSOE dago Espainiako Gobernuan, eta iaz Kongresurako hauteskundeetako kanpainan zentrala itxi egingo zuela hitz eman zuen.
PSE-EEk Garoña ixteko eskatuko du Eusko Legebiltzarrean. Beste hainbat euskal eragilek horixe eskatua dute. Aldiz, Confebask Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresaburuen elkartea "pozik" dago CSNren txostenarekin.
Burgosko zentral nuklearra 1970an zabaldu zuten -oso gertu dago Arabatik- eta, ondorioz, hurrengo urtean beteko ditu 40 urte funtzionamenduan, baldin eta Espainiako Gobernuak baimena luzatzea erabakitzen badu.
Gizartea
Garoñak segurtasuna hobetu beharko du martxan jarraitzeko
Segurtasun Kontseiluak gaur helarazi dio zentral nuklearrari buruzko txostena Espainiako Gobernuari, eta hamabost baldintza jarri ditu. Gobernuak uztailaren 5a baino lehen hartu beharko du erabakia: jarduteko baimena beste hamar urtez luzatu edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu