Ingurumena

Garoñako zentralak hondakinen biltegi bat egiteko baimena eskatu du

Nuclenorrek Espainiako Industria Ministerioari baimena eskatu dio hondakinen behin-behineko biltegi bat eraikitzeko. Garoñako zentral nuklearraren jabeak zentrala ixteko prozesua hasi aurretik eskatu zuen biltegia, urasketan dagoen erreaktorearen erregai nuklearra nonbait gordetzeko, Villar de Cañasko biltegira bidali aurretik. Gelditu edo martxan jarraitu, uraska berdin erabiliko duela jakinarazi du.

inaki petxarroman
2013ko martxoaren 5a
18:59
Entzun

Nuclenorrek, Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren enpresa kudeatzaileak, hondakinen behin-behineko biltegi bat eraikitzeko baimena eskatu dio Espainiako Gobernuari. Biltegi hori egitea ezinbestekoa litzateke gaur egun erreaktorearen erregaia pilatuta dagoen uraska husteko. Pauso hori ezinbestekoa da zentral nuklearra eraisten hasteko, baina Nuclenorrek jakinarazi du biltegi berria ez dagoela zentralaren itxierarekin zuzenean lotuta.

Espainiako Industria Ministerioak azaldu du hizketan ari dela Endesa eta Iberdrolarekin —haiek kudeatzen dute Nuclenor— Garoñako zentral nuklearra berriz martxan jartzeko. Alabaina, oraingoz, Nuclenorrek hondakinen behin-behineko biltegia egiteko tramiteekin aurrera jarraitzen du. Are gehiago, biltegia egiteko izapideak "duela hainbat hilabete" hasi zituela jakinarazi du Nuclenorrek, eta egun mahai gainean dauden aukera guztientzako baliagarria dela gaineratu du; hau da, zentrala itxi edo ez, biltegia beharrezkoa dela azaldu du.  

Espainiako Industria Ministerioak jasotako informazioa CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari eta Ingurumen Ministerioari bidaliko die, egitasmoaren bideragarritasuna azter dezaten, ingurumen eraginaren deklarazioa egin eta baldintzak ezartzeko. Nuclenorrek jakinarazi duenez, behin-behineko biltegia "hormigoi lauza" bat izango da, egun urasketan dagoen erregai nuklearraren zati bat barruan gordetzeko.

2012ko abenduaren 26an gelditu zuten Garoñako zentrala Endesak eta Iberdrolak, Espainiako Gobernuak indarrean jarritako zerga eta tasa berriei aurre egin ezin dietela argudiatuta. Berez, aurtengo uztailaren 6ra arteko epea du Nuclenorrek zentralaren jarduerari eusteko, eta Espainiako Gobernuak, gainera, borondatea azaldu du enpresari jarduteko baimena beste sei urtez luzatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.