Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) ixteko manifestazioa egingo dute larunbatean Bilbon, 17:30ean. Hainbat talde ekologistak, sindikatuk, alderdi politikok eta gizarte mugimenduk egin dute bat deialdiarekin, eta "arrisku nuklearra" salatzeko mobilizatzera deitu dute gaur goizean emandako prentsaurrekoan.
Fukushima gehiagorik ez!, Garona itxi orain! leloa erabili dute, Japoniako Fukushimako zentralaren hondamendiaren urteurrenaz baliatuz —igandean urtebete izango da—.
Tartean daude Alternatiba, Aralar, Bildu, Bizilur, CGT-LKN, CNT, CCOO, Deshazkundea, Eguzki, EHNE, Ekologistak Martxan, ELA, EPK, Equo, ESK, Ezker Abertzalea, Ezker Anitza, Ezker Gogoa, Ezpitsu, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, Gazte Komunistak, Gorripidea, Greenpeace, Herriarte-Entrepueblos, Iratzarri, Izate, Kima Berdea, Komite Internazionalistak, LAB, M15M, Mundu bat, Sagarrak, Sare Antifaxista eta STEE-EILAS.
"Garoñak, edozein zentral nuklearrak bezala, hondakin erradiaktiboak sortzen ditu, eta horretarako ez dago irtenbide segururik inon", azaldu dute adierazpen baten bitartez. "Garoñako zentral nuklearra zaharra da, segurtasunik gabea, alferrikakoa eta ordezkatuta dago jadanik", gaineratu dute.
Espainiako Gobernuak Garoña ixteko agindua baliogabetzeko asmoa agertu du. Hala balitz, aurreko gobernuak emandako agindua bertan behera utziko luke Madrilek, eta 2019ra arte lanean jarraitzeko baimena emango lioke.