Etzi arte atzeratu du CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak Garoñako zentral nuklearraren jarduera baimenari buruzko erabakia. EFE albiste agentziaren arabera, txosten gehiago eskatu ditu CSNk, erabakia hartu ahal izateko.
Nuclenor Garoña kudeatzen duen enpresak egindako eskaerari erantzuna emateko, zentral nuklearraren egoera ikertzeko eskatu zion Espainiako Industria Ministerioak CSNri, eta orain erantzunaren zain dago gobernua, Jose Manuel Soria Industria ministroak jakinarazi duenez.
CSNk ezer erabaki ez duen arren, Soriari "albiste ona" iruditu zaio Nuclenorrek eskaera egite hutsa. Espainiako Gobernuaren jarrera "oso argia" da, zentral nuklearra zabalik edukitzearen aldekoa, betiere CSNri egokia iruditzen bazaio, Soriak zehaztu duenez.
Garoñako zentral nuklearrak zabalik jarraitu ahal izateko aukera irekitzeko eskatu zion Nuclenor enpresak Espainiako Gobernuari.
Uztailaren 6an amaituko da Garoña martxan edukitzeko baimena, eta, data hurbil dagoela ikusita, epea luzatzeko eskatu zion enpresak Madrili. Horretarako, indarrean dagoen dekretua aldatzeko eskatu zion Industria Ministerioari.
Araba Garoñarik Gabe elkartearen ustez, oso larria litzateke gobernuak eskaria kontuan hartzea. “Multinazional elektriko horien interesei eta nahiei men egitea litzateke”.