Nuclenorrek Garoñako zentral nuklearraren (Burgos, Espainia) ustiapen baimena urte batez luzatzeko eskaria "epez kanpo eta formarik gabe" heldu dela salatu du Araba Garoñarik Gabe plataformak. Eskari horrek, ordea, CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Batzordea independentea den edo ez frogatuko duela gaineratu du. Alegia, irizpide teknikoen edo politikoen arabera hartuko duen erabakia.
Horren harira, CSN tresna politikoa dela aurreratu du Alberto Frias plataformako bozeramaileak. Hala, batzordeko bost kideak alderdi politikoak aukeratuta daudela gogorarazi du: PPk bi batzordekide aukeratzen ditu, PSOEk beste bi eta CiUk beste bat.
Horrekin lotuta, Garoñako zentralaren ustezko prebarikazio kasu bat ikertzeko eskatu dio Friasek Espainiako fiskalari. Ordezkari publiko batek bidezkoa ez den erabaki bat nahita hartzeko arriskua ikusi du plataformak. Fernando Marti egungo CSNko presidentea Repsoleko langilea izan zela gogorarazi du Friasek, baita Espainiako Energia Batzordeko presidenteordea ere. Horrez gain, CSNk Garoñaren jarraipenari buruz ebazteko aztertu behar dituen txostenak horren epe laburrean aztertzea "ezinezkotzat" jo du Friasek.
Horrekin lotuta ordezkari politikoen eta energia enpresen arteko loturak gogorarazi ditu, Espainiako Gobernua utzi eta Endesa zein Iberdrolara joandako politikariak: Jose Maria Aznar, Elena Salgado, Pedro Solbes...
Egoera hori ikusirik, Araba Garoñarik Gabe plataformak "larrialdiko elkarretaratzera" deitu du datorren larunbaterako, Arabako Foru Aldundiaren aurrean.