Aste honetako laugarren bilera egin du gaur CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak, eta laugarrenean aukera eman dio Garoñako zentra nuklearrari, luzapena eskatu ahal izateko. Luzapenaren aldeko botoa eman dute PPko bi kontseilariek eta CIUkoak; kontrako botoa, aldiz, PSOEko kontseilariek.
CSNk esan du azkenean epea urtebetez luzatzeko aukera izango duela Garoñak, baina ezingo duela erreaktorea martxan jarri. Hala ere, CSNren onarpenik gabe erreaktorean ezingo duela erregai berria sartu ohartarazio diote Nuclenorri.
CSNk lau baldintza jarri dizkio jabeari, zentrala berriz martxan jarri nahiko balu. Lehenik eta behin, CSNk berak 2012an agindu zizkion diseinu aldaketak egin beharko lituzke, baita zentralaren segurtasuna hobetzeko irizpideak ezarri ere.
Horrez gain, Japoniako Fukushima Dai-ichi-ko zentral nuklearraren istripuaren ondorioz egin beharrekoak zituen segurtasun hobekuntzak eta inbertsioak ere egin beharko lituzke, oraindik ez baititu agindu horiek bete Nuclenorrek.
Inbertsio horiez gain, Nuclenorrek erreaktorearen ontzia ikertu beharko luke, Belgikako Doel 3 zentral nuklearreko ontzian atzemandako akatsak ote dituen aztertu eta zuzentzeko.
Azkenik, erreaktore barruan gertatzen den fisio nuklearra gelditzeko kontrol barren egoera ere aztertu beharko luke Nuclenorrek, baita ontziaren soldadurena eta bestelako elementuena ere.
Zentral nuklearraren jarduera baimena luzatzeko aukera eskatu zion joan den astean Nuclenor enpresak Espainiako Industria Ministerioari. Uztailaren 6an amaituko da Garoña martxan izateko baimena berez, 42 urteren ostean.
Nuclenorrek baimena beste urtebetez luzatzeko nahia adierazi du. Urtebete horretan, egun bezala, ez luke energiarik sortuko —abenduan gelditu zuten zentrala, energia nuklearraren zerga berriak ez pagatzeko—.
PP hasieratik agertu da Garoñak irekita jarraitzearen alde. Ondorioz, iazko uztailean, Espainiako Gobernuak baliogabetu egin zuen zentrala aurtengo uztailaren 6an itxi behar zutela zioen agindua.
Nuclenorri jarduera baimena luzatzeko aukera eman zion gobernuak, baina Nuclenorrek ez zuen horretarako baimena eskatu epeen barruan.
Nuclenorrek prentsa ohar batean "positibotzat" jo du Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak hartutako erabakia. Hala ere, Espainiako Industria Ministerioaren erantzun ofizialaren zain gelditzen dela adierazi du.