Jende ugari bildu da Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan Araba Garoñarik Gabe plataformak antolatutako elkarretaratzean. Aski da lelopean, zentral nuklearraren inguruko azken erabakia hartzeko eskatu diote beste behin Espainiako Gobernuari, eta ohartarazi heldu dela hura ixteko unea.
Elkarretaratzearen amaieran irakurritako komunikatuan gogorarazi dute amaitzear dela Energia Ministerioak zentralari buruz erabakitzeko jarritako epea: "Bada garaia ikuskizun hau bukatzeko, eta amaiera bat eta bakarra izan daiteke: herriaren borondatea errespetatu eta zentrala ixtea".
Plataformako kideak ez dira Madrili mugitzeko eskatu dioten bakarrak izan. Aste honetan bertan, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak "behin betiko" erabakia bat galdegin zion PPren gobernuari, Nuclenorren azken bilera akordiorik gabe amaitu ostean. Izan ere, Iberdrolak denbora nahi du nuklearren baimenen luzapena aztertzeko; Endesak, berriz, uda arte itxaron nahi du, eta argudiatu du Espainiako Gobernuak zer asmo duen jakin arte itxaron nahi duela.