Santa Maria de Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearra berriz irekitzeko beste pauso bat eman du CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak. Nuclenorrek erreaktorearen ontziari buruzko hobekuntza teknikoak proposatu dizkio CSNri, eta kontseiluak onartu egin ditu.
Zentrala 2031. urtera arte ireki ahal izateko hainbat hobekuntza tekniko eskatu zizkion CSNk Nuclenorri, Garoñaren jabeari. Horien artean zegoen azaroaren 4an onartutako hobekuntza teknikoa, ontziaren presio eta tenperatura egokitzeari buruzkoa.
CSNko osoko bilkurak ez zuen aho batez onartu Nuclenorren proposamena. Cristina Narbonak aurkako botoa eman zuen, eta beste lau kontseilariak alde agertu ziren. Narbonak “ezohikotzat” jo du Garoña berriz irekitzeko prozesua, baita “anomalotzat” jo ere zentrala 2031. urtera arte irekitzeko eskaera.
Plataforma, kalera
Garoña ireki ahal izateko ematen ari diren pausoen aurka, Araba Garoñarik Gabe plataformak manifestazio deialdi bat egin du abenduaren 19rako, hauteskundeen hausnarketa egunerako, hain zuzen ere.
Alberto Frias plataformako eledunak egungoa “larrialdi egoera bat” dela salatu du. Friasek salatu du erakunde publikoek eta alderdi politikoek ez dituztela bete hartu zituzten konpromisoak. Abenduaren 2an mahai inguru bat egiteko proposatu du, zerrendaburuek gaiari buruz eztabaida dezaten.