Nuclenor enpresaren bozeramaile Elias Fernandezek atzo goizean adierazi zuenez, gertakaria igandean jazo zen, 01:32an. «Alarma piztu zenean, zentralaren potentzia jaitsi eta gelditzea erabaki zuten. Halaber, sare elektrikotik deskonektatu dute Garoñako zentrala». Fernandezek nabarmendu zuenez, ez da arriskurik egon. «Halako gertakarien aurrean zehaztutako protokoloa eta neurriak ezarri zituzten, eta dena normal egin da».
Espainiako Segurtasun Nuklearraren Batzordeari behar bezalako txostena helarazi diotela azaldu zuen Nuclenorreko bozeramaileak. Nolanahi ere, batzordeak gertakariaren inguruan egin behar duen balorazioa gutxienez sei hilabetez luzatuko da. Hortaz, ordura arte ezingo da zehatz-mehatz jakin ezbehar nuklearren eskalan nolako garrantzia duen igandean atzemandakoak.
Edonola ere, zentrala atzo gauean berriro martxan jartzeko asmoa zutela adierazi zuen Nuclenorreko eledunak. Ebro ibaiaren tenperatura jaitsarazteko, eta zentralaren hozte-sistema erabili ahal izateko, Ebroren Ur Partzuergoari ur emaria handitzeko eskatu zion Nuclenorrek, eta Ur Partzuergoak eskaera onartu egin zuen.
Bitartean, geldialdia mantentze-lanak egiteko baliatuko zutela esan zuen Fernandezek. «Behin lan horiek amaituta, zentrala martxan jarri aurretik, derrigorrezko neurri guztiak hartuko ditugu, Garoña berriro sare elektrikora konektatzeko».
Nuclenorren esanetan, lehenbiziko aldia da ur eskasiak eragindako arazoa izaten duela Garoñako zentral nuklearrak. Aitzitik, oso ohikoa da beroaldiek, uholdeek eta bestelako fenomeno meteorologikoek Europako zentral nuklearretan arazoak eragitea. Are gehiago, lehen belaunaldiko zentralen artean, Eguzkiko Alberto Friasek atzo gogoratu zuenez.
ZAHARKITUTAKO SISTEMA. Friasek azaldu zuenez, 60ko hamarkadan eraikitako zentralaren hozte-sistemak Ebro ibaian eginiko zuzeneko hartunearen bitartez funtzionatzen du, eta gaur egun sistema hori zaharkituta dago. Gainera, huts egiten duenean, ez dago alternatibarik. Are gehiago, Friasek azaldu zuenez, zentral nuklear berrietan ezin da sistema hori erabili. «Gaur egun, ezinezkoa litzateke Garoña bezalako zentralik eraikitzea, Espainiako Plan Hidrologikoak adierazten duelako halako instalazioak ezin direla goi ibarretan eraiki, eta Garoña Ebroko goi ibarrean eraikita dago».
Nolanahi ere, igandean atzemandakoa ez da hozte-sistemak izan duen lehenbiziko arazoa. Espainiako Segurtasun Nuklearraren Batzordeak 1990. urtean zabaldu zuen txostenaren arabera, Ebro ibaiaren sedimentuetan, landareetan eta arrainetan isotopo erradioaktiboak atzeman ziren. Ildo horretan, Friasek gogoratu zuen hozte-sisteman pitzadurak daudela, eta ihesak gertatzen ari direla etengabe. «Igandekoa zentralaren narriaduraren beste seinale bat da».
Bestetik, hilaren 4an, Nuclenorrek zentralaren jarduera 2019. urtera arte luzatzeko egin zuen eskaera hizpide izan zuen Eguzkiko bozeramaileak. «Garoñak dituen egitura arazoak, jarduteko zailtasunak eta erreaktorea hozteko erakutsitako gabeziak kontuan hartuta, ezin zaio baimena luzatu. Are gutxiago Arabako gizarte eragile gehienak eta instituzio guztiak kontra dituela», nabarmendu zuen Friasek.
FIDAGARRITASUNIK EZA. Eguzkik azaldutako kezkak berretsi zituen Greenpeace taldeko bozeramaile Carlos Bravok. Haren esanetan, Garoñako geldialdiak nuklearren fidagarritasun falta islatzen du. «Ohikoak diren fenomeno meteorologikoek arazo handiak eragiten dituzte zentral nuklearretan, eta sarritan gelditu behar izan dituzte istripu nuklearrak ekiditeko», azaldu zuen Bravok. Greenpeaceko arduradunaren irudiko, zentral nuklearrak kudeatzen dituzten enpresak arazo horiek ezkutatzen saiatzen dira. «Dituzten gabeziak aitortu beharko lituzkete. Aitzitik, energia nuklearraren gabeziak ezkutatzen dituzte, eta energia eolikoa eta energia iturri alternatiboen arazoak handitzen dituzte».
«Halako gertakarien inguruan zehaztutako protokoloa ezarri, eta dena normal egin da»
elias fernandeznuclenorreko arduraduna«Garoñako hozte-sistema zaharkituta dago, eta, gainera, ez du sistema alternatiborik»
alberto friaseguzki talde ekologistako bozeramailea
garoñaren arazoak
Euskal Herriko mugan dago Garoñako zentral nuklearra. Horko segurtasun arazoak nabarmendu zituen Ekologistak Martxan taldeak iaz eginiko ikerketa batean. Honako hauek dira arazo nagusiakKorrosioa. Zentralaren erreaktore nuklearraren elementu nagusietan, barrilan, zorroetan eta hozte-sistemaren hoditerian arrailak daude. Elementuak aldatu beharrean, soldatu egin dituzte.
Suteen kontrako sistema. Sute bat gertatuz gero zentrala babesteko dagoen sistemak gabezia ugari ditu, zaharkituta dago eta ez da segurua.
Narriadura. Zentralaren 78 osagai erabat hondatuta daude, eta beste 135 narriatzen hasi dira. Osagai mekanikoez eta elektrikoez gainera, kontrol sistemako elementuak daude.
Pitzadurak. Erreaktore nuklearra hozteko sisteman pitzadurak daude.
Hondakinak. Urtero 130 bidaia egiten dira Kordobara hondakin nuklearrak eramateko. Errepidean istripuak izan dira.