Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) «berehala eta behin betiko» ixteko eskatzeko martxa bat egingo dute gaur, Barcina del Barco eta Santa Maria de Garoña artean. Martxa 12:00etan abiatuko da, eta Japoniako Fukushimako zentralean gertatutakoa izango dute gogoan. Fukushima gehiagorik ez, Garoña itxi! izango da martxaren leloa. «Garoñako zentralak Fukushimaren ezaugarri berdinak ditu, beraz, dituen arriskuak antzekoak dira. Kontuan hartu behar da sei hilabete igaro direla Fukushimako istripua izan zela eta oraindik ez dutela lortu erreaktorea kontrolatzea. Istripuak eragindako ondorio erradiologikoak ere agerian geratzen ari dira». Koordinakundeko kideek nabarmendu dute Garoña ez dagoela prest halako istripu bat jasateko. Gainera, gogorarazi dute 40 urte hauetan segurtasun arazo «ugari» izan dituela Garoñak: «Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren txostenetan ikus daiteke hori».
Aurtengo martxa berezia izango dela aitortu dute, ekainaren 5ean Espainiako Auzitegi Nazionalak berak ebatzi zuelako Garoña 2013ko uztailaren 5ean itxi behar dela. Hala, martxa amaitzean, itxieraren aldeko agiri bat irakurri, eta giltzarrapo bat jarriko dute hori irudikatzeko.
Garoñaren aurkako martxa egingo dute gaur, Fukushima gogoan dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu