GARRAIO AZPIEGITURAK. ABIADURA HANDIKO TRENA. Espainiako Gobernua zoriondu du Amannek, lehen lanak onesteagatik

Hala ere, «konpromiso osoa» galdegin dio 2005ean Europako Batasunaren diruak lor ditzan

LUIS KARLOS GARCIA - GASTEIZ
2004ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburu Alvaro Amannek PPko gobernua zoriondu duEuskal Y egitasmoaren 46 kilometro egiteko lanak onesteagatik. Hala ere, Espainiako Gobernuaren «konpromiso osoa» galdegin du proiektuak datorren urtean Europako Batasunaren dirua jaso ahal izan dezan, finantzabide hori obra egiteko «beharrezkoa» izango delako.

Espainiako Ministroen Kontseiluak atzoko bileran onartu zuen egitasmoaren aurreneko zortzi zatien lanak egitea, 807,4 milioi euroko aurrekontuarekin. Zatiak hauek dira: Zornotza-Lemoa, Lemoa-Galdako eta Galdakao-Basauri, Bizkaian; Arratzu-Ubarrundia-Legutiano eta Legutiano-Eskoriatza, Araban; eta Hernialde-Zizurkil, Zizurkil-Urnieta eta Urnieta-Hernani, Gipuzkoan. Espainiako Sustapen Ministerioaren aurreikuspenen arabera, obrak aurten bertan, urte amaieran hasiko dira. Proiektu osoak 28 zati ditu guztira.

Amannen agerraldia

Amannek presazko prentsaurrekoa eskaini zuen atzo Legebiltzarrean, Espainiako Gobernuaren erabakia baloratzeko. «Bazen garaia», esan zuen agerraldiaren hasieran. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «XXI. menderako egitasmorik garrantzitsuena» abiarazten duen «albiste pozgarria» dela erantsi zuen.

Kontseilariaren arabera, «garaiz gabiltza oraindik» trenbide sareari heltzeko, erabakien «atzerapenen eraginez» proiektua «oso fase arriskutsuan» zegoela onartu zuen arren.Amann «dena ahaztearen» alde agertu zen, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak azken urteotan izandako «desadostasun» giroa aipatzean: «Erabateko elkarlanean aritzeko ordua dugu, obra garaiz eta taxuz egiten dugula ziurtatu nahi badugu». Elkarlan horretarako borondate onaren erakusgarri, Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak apirilean jasoko dituen eraikuntza-proiektuk Espainiako Ministerioaren esku jarriko dituela esan zuen sailburuak.Ondoren, Espainiako Gobernuaren laguntza eskatu zuen Amannek, datorren urteko apirila bitartean Abiadura Handiko Trenaren egitasmoarentzat Europako Batasunaren diru laguntzak egon daitezen. 2005ean berriz aztertu behar dira Europako Batasuneko lehentasuneko proiektuen zerrenda, eta, Garraio eta Herri Lan sailburuaren aburuz, «zerrendan egotea da [Europako] diruak izateko benetako bermea». Espainiako Estatuaren diruez gain, Europak eskaintzen dituen maileguez baliatzea beharrezkoa dela gaineratu zuen.Amannen ustetan, Espainiako Gobernuak atzo hartutako erabakia ez da hauteskundeei begira hartua izan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizarteak azken bolada honetan proiektuaren alde egindako presioak PPko gobernuari eragin diola pentsatzen du sailburuak: «Gizartearen esku-hartzeak Madrilgo Gobernua animatu du eman duen pausoa ematera».

AHTren Aurkako Asanbladakoak, kezkatuta

AHTren Aurkako Asanbladako Mila Elorzaren esanetan, atzo jakinarazitako erabakia «hauteskunde kanpainaren barruan» ulertu behar da. «Oraindik idatzi gabe dago behin betiko proiektua, eta lanean aurten hasiko direla diote. Non daude herritarrei proiektua aurkezteko legeak ezartzen dituen epeak?». Espainiako Auzitegi Nazionalak Roberto Bermejo katedradunari eskatu zion txostena ekarri zuen gogora Elorzak: «Guk hasitako auzibideko arrazonamenduak aztertu ahal izateko eskatu zioten txostena, eta guk baino askoz gogorrago jo zuen proiektuaren aurka. Jakina, txostena ezkutatu egin dute». Espainiako Gobernuak baimendutako zatiak hiru lekutan banatzea ere kezkagarria da AHTren aurkakoaren ustez: «Zertarako hasi lanak hiru tokitan? Behin egin eta gero desegiteak ez duela zentzurik esan ahal izateko?».

Proiektua «justifikatzeko» gizartea aipatzea lotsagarria iruditzen zaio Elorzari: «Noiz galdetu diote gizarteari proiektu honi buruz? Ezkutuan dabiltza laginak ateratzen, lurjabeen baimenik gabe. Aurka zenbat jende dagoen jakinda, zein isilik ari diren lanean!».

-

BIZKAIKO HAUTESKUNDE BATZORDEAREN ERABAKIA



'Euskal Y'-ari buruzko kanpaina, bertan behera



Bizkaiko Hauteskunde Batzordeak bertan behera utzi du Euskal Y-ari buruzko iragarki kanpaina, PPk hala eskatuta. Martxoaren 14ko hauteskundeak igarota berriro abian jartzeko agindu du. Batzordearen ebazpenaren arabera, Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailaren kanpaina «ez da ezinbestekoa interes publikoarentzat, edo zerbitzu publikoak zuzen funtzionatzeko».

Eusko Jaurlaritzako kontseilari Alvaro Amannek erabakia onartuko duela esan du: «Bertan behera utziko dugu, hala egin behar bada, eta hauteskundeen ondotik ekingo zaio atzera. Baina, nire ustez, kanpaina ez dago hauteskundeei begira egina».Lakua zain da erabakiari buruzko komunikazio ofizialak noiz jasoko. Dena den, sailburuak nabarmendu zuen «hainbat iritzi» direla errekurtsoa jaso duten batzordeen artetik: Bizkaiko Hauteskunde Batzordeak, Arabakoak ez bezala, bertan behera uztea deliberatu badu, Gipuzkoakoa erabakirik eman gabe zen atzo eguerdian, Amannek jendaurrean hitz egin zuenean.Kanpainaren helburuak proiektuari buruzko «argibidea» eman eta«kontzientziazioa» zabaltzea direla esan zuen sailburuak. AHTren Aurkako Taldeko kide Mila Elorzak, berriz, «argibide horiek zein diren» galdetu zuen atzo: «Hori al da emateko daukaten informazioa?».

-

erreakzioak



batAsuna

«Herri honen gehiengoak ez du bat egin azpiegitura horrekin»



«Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak beren nagusitasuna agerian utzi dute. Izan ere, herri honen gehiengo sozialak, sindikalak eta politikoak ez du azpiegitura horrekin bat egin eta, hala eta guztiz ere, Euskal Herriari inposatu nahi diote. Konpondu ezineko kalteak eragingo dituzte ingurumenean eta, gainera, ez ditu garraio arazoak konponduko. Proiektu honekin bat egiten duen galdetu behar zaio herriari».



EB-IU

«Hauteskunde propaganda egin nahi du PPk erabaki horrekin»



Igor Irigoien EB-IUko kidea proiektuaren aurka azaldu da. Haren ustez, atzoko erabakiarekin hauteskunde propaganda egitea da PPko gobernuaren asmoa, «erabakiak hauteskunde kutsu nabarmena baitu». Gaineratu duenez, «Eusko Jaurlaritza eta Madrilgo Gobernua gezurretan ari dira Euskal Y-arekin; izan ere, inoiz ez baita eraikiko». Bere alderdiak proposatutakoEuskal U-aren alde agertu da.





Pse-ee

«PPren erruz geratu da AHT Europako zerrendatik kanpo»



«Hauteskunde atarietan onartu du PPk Euskal Y-aren lanak egiten hastea. A zer kasualitatea! Sozialistok behin eta berriz eskatu dugu Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko koordinazioa, Euskal Y-aren proiektua atzera ez zedin. AHT PPren erruz geratu da Europako lehentasunezko proiektuen zerrendatik kanp».



PP

«Arabarentzat albiste ona da 'Euskal Y'-aren lanekin hastea»



Arabako diputatu nagusi Ramon Rabanera «pozik» dago Madrilgo Ministro Kontseiluak hartu duen erabakiarekin. «Azken urteetan Arabak izan duen albiste onena izan da onespen hau», azaldu du PPko kideak. Haren esanetan, «Araba Europako bide garrantzitsuenen artean izango da proiektuari esker». Azkenaldian, Euskal Y-aren egitearen inguruan batzuek azaldu dituzten iritzi kontrajarriak behin betikoz amaitzea espero omen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.