Gaur aurkeztu ditu Idoia Zenarruzabeitia EAEko lehendakariordeak Eusko Jaurlaritzaren 2007rako aurrekontu proiektua. Guztira 8.740 milioi eurokoa izango da, iaz baino %14,1 gehiago. Garraio Sailaren aurrekontua igoko da gehien –%18– 'Euskal Y'ren gastuek eraginda. AHT Abiadura Handiko Trenaren lanak ordaintzeko 253 milioi euroko aurrekontu-saila bideratuko da.
Idoia Zenarruzabeitia EAEko lehendakariordeak aurkeztu duen aurrekontu proiektuak datorren urterako aurreikuspen batzuk egiten ditu: superabit txiki bat, BPG Barne Produktu Gordinaren %3,7ko igoera eta langabeziaren beherakada, besteak beste.
Guztira 8.540 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du, iaz baino %14,1 gehiago. Igoera horretan eragin berezia izan du 'Euskal Y'ren lanak ordaintzeko bideratuko den 253 milioi euroko aurrekontu-sailak. AHTaren lanak kontutan hartu gabe, igoera %11,3koa izango litzateke.
Beti bezala, Osasun eta Hezkuntza Sailak izango dira aurrekontu handiena izango dutenak. Bien artean aurrekontuan %57 osatzen dute. Igoera handiena Garraio sailak izango du AHTaren lanak direla eta. Aurtengo aurrekontuetan baino %18 gehiago izango du 2007koetan. Bigarren lekuan Osasun Sailaren aurrekontua igoko da gehien, %11,4 hain zuzen.
Zenarruzabeitiak gaur aurkeztu duen 2007rako aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu beharko da. Eusko Jaurlaritzako hirukoak –EAJ, EA eta EB– ez du proiektua onartzeko beharrezkoa den gehiengoa. Horrenbestez, babes bila hasi beharko du. Iaz, PSE-EEren laguntzarekin onartu zituzten 2006rako aurrekontuak.
EAEko Aurrekontuak
Garraio Sailaren aurrekontuak izango du igoerarik handiena 'Euskal Y'ren lanak direla eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu