Nafarroako eskola garraioan kartel gisa aritzea. Hori egotzi die Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak (CNMC) eskola garraioko 33 enpresari eta sektoreko elkarte bati. CNMCren arabera, «trama bat» sortu zuten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduaren lehiaketak «banatzeko eta garestitzeko». Iturri berak ziurtatu duenez, 2013ko abenduaren 1etik 2018ko abenduaren 1era aritu ziren horretan.
Orain, ordea, zigorrak ezarri dizkie CNMCk. Zehazki, 3,36 milioi euroko zigorra ezarri die, eta horiei «akordioa eratu zuen» elkarteari ezarritako 15.000 euroko zigorra gehitu behar zaizkie. Gainera, CNMCk administrazioak berriz kontratatzea debekatzeko prozedura martxan jarri du, erabaki zigortzailea Estatuko Kontratazio Publikoaren Kontsulta Batzordera igorriz.
Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak adierazi duenez, enpresek «trama bat» bat sortu zuten, «iruzur egiteko» Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak ikastetxeetara eramateko Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak egiten dituen lehiaketa publikoetan. Haien arabera, frogatuta geratu da «trama» hori existitu zela, gutxienez, 2013-2014ko ikasturteko lehiaketan eta haren luzapenetan, eta 2017-2018 ikasturteko lehiaketan.«Iikerketek portaera «koordinatua» ezagutarazi dutela nabarmendu dute. CNMCk esan duenez, enpresa bat aurkezten zenean, akordioan zeuden gainerakoek ez zuten egiten, «nahiz eta horretarako kaudimen teknologikoa eduki». «Karteleko enpresek zortzi urtean banatu zituzten aukeratutako ibilbideak, txandak eta konpentsazioak ezarriz, lan karga eta prezioak ziurtatzeko».