18/01 sumarioa

Garzon epaileak 18/01 sumarioa itxi, eta 27 lagunen aurka epaiketak egiteko tramiteekin hastea eskatu du

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Jarrai eta Haika gazte erakundeak biltzen dituen 18/01 sumarioa itxi, eta epaiketak burura emateko tramiteekin hastea eskatu dio Penaleko Salako laugarren sekzioari. 27 lagun daude auzipetuak, eta horietako batzuk espetxean jarraitzen dute. "Indarkeriari laguntza ematea eta ETAren menpe egotea" egozten die bi erakunde horietako kideei.

2003ko uztailaren 10a
17:15
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak 2001. urtean irekitako sumarioa ixtea erabaki du gaurko autoaren bidez. Jarrai-Haika erakundeek kale indarkeriaren bidez ETAri laguntza eman ote zioten ikertzeko ireki zuen sumario hori, eta orain epaiketarekin hasteko eskatu dio Penaleko Salako laugarren sekzioari.

Garzonen, hala ere, Igor Ortega auzipetuari buruzko txosten baten zain dagoela adierazi dio Salari, eta jaso bezain pronto epaitegi bideratuko duela aurreratzen du.

"2001eko maiatzetik legez kanpo"

Baltasar Garzonek kaleratu duen ebazpenean azaltzen denez, Jarrai-Haika eta gero Segi "legez kanpo daude 2001eko maiatzetik", eta "ETA-Kas-EKin egituraren barnean" kokatzen dira.

Halaber, iragan maiatzaren 7an Batasunari egotzi zion 2001eko martxoaren 6tik 11ra kale indarkeriaren ondorioz sortutako gastuen erantzukizun zibila, eta Batasunari 593.445 euro enbargatzea ebatzi zuen. Diru kopuru horretatik 443.445 euro, Haikako kide Asier Tapiak deitutako 'Borroka Eguna'-ren ondorioz sortutako kalteen ondorio dira.

Garzonen arabera, Jarrai-Haika erakundeek "beren ekintzen berri ematen zieten ETAri, kale indarkeriaren bidez ETAren ekintzen osagarri bihurtuz". Auzipetuen artean Ekinen aurkako operazioan atxilotutako eta Frantzian preso dagoen Carlos Iñigo Blasco dagoela dio Garzonek, eta Ane Lizarralde Jarraiko bozeramaile ohia ez duela auzipetze honen barnean sartzen gaineratu, "Ekin erakundearen aurkako auzipetzean dagoelako".

Astelehenean 18/98 sumarioa itxi zuten

Astelehenean Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal Enrique Molinak Kas-Ekin, Xaki, 'Egin' eta 'Ardi beltza' aldizkariaren aurkako kideen aurka epaiketa hastea eskatu zion Sala berari. 18/98 sumarioan 61 lagun daude auzipetatuta "ETAko kide edo laguntzaile izateagatik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.