Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile ohia ETArekin hitz egitearen alde agertu da, betiere elkarrizketa hori "zuzenbidezko estatuaren barruan" egiten bada. "ETA erakunde terrorista erakusten ari da borroka armatuari eusteko asmorik ez duela; iragana da, eta gaindituta dago, nabarmena da hori. Hortaz, zuzenbidezko estatuaren barruan, gerturatze bat eta elkarrizketa bat egoteko garaia iritsi da".
Halaber, adierazi du Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak "kontuan izan beharreko merituak" egin dituela. Otegi preso daukate 2009ko urritik, Bateragune auziagatik, eta Garzonek berak agindu zuen operazioa. "Egoera erabat desberdina da, eta nabarmena da frogatu duela bakea lortzeko eta ETA erakunde terrorista gisa desagerrarazteko laguntzen ari dela", esan du Garzonek.
La Sexta telebista kateko Salvados saioan egin ditu adierazpen horiek epaileak. Bart eskaini dute programa.
ETAk iazko urriaren 20an jakinarazi zuen jarduera armatua betiko bukatu duela. Duela hiru aste zioenez, prest dago euskal presoez, desarmeaz eta desmilitarizazioaz hitz egiteko. Hain zuzen, Aieteko Adierazpenak Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatzen die "gatazkaren ondorioak" jorratzeko elkarrizketan hasteko ETArekin.