Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak gaurko utzi zuen Demokrazia Hiru Milioi (D3M) hautesle plataformaren eta Askatasuna alderdi politikoaren jarduerak eteteko edo ez eteteko erabakia, baina atzeratu egin du. Baliteke gaur ez esatea zer neurri hartu duen, auzitegiko iturrien arabera. Lehengo astean hasi zen aztertzen gaia. Fiskaltzak neurri hori hartzeko eskatua dio.
11:00etarako deitu ditu Garzonek joan den astean inputatu zituen D3M eta Askatasuneko hamahiru kideen abokatuak, eta auzi saioa egin dute. Jarduera gehienez bost urterako eten dezake, EAE-ANV eta EHAKrekin iaz egin bezala.
Bitartean etorri da Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia, igande gauean: D3Mren eta Askatasunaren hauteskunde zerrendak baliogabetu zituen. Biok orain Auzitegi Konstituzionalera joko dute eta honek erabakiko du haiek martxoaren 1ean Eusko Legebiltzarreko bozetan parte hartuko duten. Ostiral goizean hasiko da kanpaina.
Garzonek, D3Mrekin eta Askatasunarekin lotuta, hamahiru lagun inputatu eta ostiralean hartu zituen. Denak libre geratu ziren. Hirurei astean behin polizia-etxean sinatzeko agindua eman zien: Jose Antonio Munduate eta Xabier Isasa Askatasuneko presidente eta idazkariari eta D3Mko Fernando Antiari.
Duela hiru aste, D3M bultzatu zutelakoan, Espainiako Poliziak Amparo Lasheras, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Elixabete Zubiaga, Agurtzane Solabarrieta, Arantza Urkaregi, Hodei Egaña eta Iñaki Olalde atxilotu zituen, Garzonek aginduta, eta preso dauzkate. Senideek, gainera, joan den astean salatu zuten atxilotu zutenetik ez zutela Olalderen berririk, eta ez zietela ziurtatu Espainiako zein kartzelatan duten.
Politika
Garzonek atzeratu egin du D3Mri eta Askatasunari buruzko erabakia
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea bi haien jarduerak eten edo ez aztertzen ari da, eta baliteke gaur ez esatea zer neurri hartu duen. Auzi horiekin lotuta orain arte zortzi lagun kartzelan sartu ditu eta beste hamahiru inputatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu