Atxiloketak

Garzonek bermepean aske utzi ostean, Endika Lejarzegi espetxera bidali du Fernando Andreu epaileak

Kale erasoekin zerikusia duelakoan Ertzaintzak Leioan atxilotu zuen atzo Endika Lejarzegi gaztea. Gaur deklaratu du Espainiako Entzutegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aurrean, eta hark sei mila euroko bermepean libre uzteko agindu du. Ondoren, ordea, laugarren Argibide Epaitegiaren esku uzteko eskatu du fiskalak, eta hango epaileak, Fernando Andreuk, Lejarzegi espetxeratzeko agindu du.

2003ko ekainaren 24a
19:55
Entzun
Entzutegi Nazionaleko Laugarren Argibide Epaitegian kausa bat zegoen irekita Endika Lejarzegiren aurka; zehazki, talde armatuari laguntza ematea leporatzen dio Andreu epaileak. Epaitegiko iturrien arabera, Ibon Fernandez Iradi ustezko ETAko buruzagiarekin harremanak izan zituela onartu du Lejarzegik deklarazioan, eta Andreu epaileak horregatik erabaki du espetxeratzea.

Dena den, Endika Lejarzegiz gain beste gazte bat ere atxilotu zuen atzo Ertzaintzak operazio berean: Trapagako Aketza Gallarza. Hark ere gaur deklaratu du Garzonen aurrean, eta espetxera bidali du. Kale erasoetan parte hartzea leporatzen die epaile horrek bi gazteei, besteak beste, autobus baten erreketan.

Atzo goizean Javier Balza Jaurlaritzako Barne sailburuak kale indarkeriaren aurkako operazio bat abian zela iragarri zuen Radio Euskadin, eta sarekada hori Bizkaian eta Gipuzkoan egingo zela. Handik gutxira jakin zen Endika Lejarzegi atxilotu zutela Leioan eta Aketza Gallarza Trapagan. Orain arte Gipuzkoan ez da atxiloketarik izan, baina Barne Saileko iturriek adierazi dutenez, operazioak zabalik segitzen du.

Endika Lejarzegi beste bitan ere atxilotu du Ertzaintzak; bietan, kale borrokarekin zerikusia duelakoan. Lehendabiziko aldiz, 1999ko abenduan atxiki zuten, eta iazko urrian bigarren aldiz. Azken horretan, beste bost lagun ere atxilotu zituzten Lejarzegirekin batera, eta inkomunikatuta egon ziren egunetan tratu txarrak, mehatxuak eta irain sexualak jaso zituztela salatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.