Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto espetxeratzeko erabakia berretsi egin du Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, defentsen helegiteak atzera botata. "Osoki berresten dira auzitegiaren ebazpenean jasotako argudioak", dio erabakiaren berri emateko kaleratu duen hiru orriko autoak. Urriaren 13an atxilotu zituen Espainiako Poliziak.
Auzia instrukzio atalean dagoenez, erabakiak hartzeko zantzuak nahikoa direla azaldu du Garzonek. Ez dela frogak aurkezteko unea. Eta, akusazioak egiteko dauden zantzuak "argiak" direla dio: "Bateragunearen izatea, funtzioak, jardunak eta bilerak egiaztatuta daude, bai eta inputatuen parte-hartzea ere".
Atxiloketek eta espetxeratzeek ez dutela atxilotuen ekinbide publikoekin edo politikoekin zerikusirik adierazi du, defentsen helegiteei erantzunez; "ETA erakunde terroristak sortu, garatu eta zuzendutako organo bateko kide izatearekin" duela lotura.
Baina, lan politikoa egin izana ez dela espetxeratzeko arrazoi dioen arren, "agerraldi publikoek egozten zaizkienak egiaztatzen" dituztela dio auto berean. Horiek guztiak ETAren aginduz egin dituztela dio, hori esateko zertan oinarritzen den argitu gabe.
Nazio Batuen Erakundeko lan talde batek Karmelo Landaren atxiloketa salatu izanari ere erantzun dio Garzonek. Landa "arbitrarioki" atxilotu zutela esan zuen NBEko taldeak, txostena kaleratuta. Baina Garzoni ez zaio gustatu abokatuek txosten hori defentsarako erabili izana. Hori "modu partzial eta erabat interesatuan" erabiltzea egotzi die abokatuei, eta Batasuna legez kanpokoa den erabakitzea ez dagokiola NBEri ohartarazi du. Hori auzitegiek erabaki behar dutela.
politika
Garzonek berretsi egin du Otegiren, Diezen eta beste hiruren kartzelatzea
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak atzera bota ditu defentsaren helegiteak. Urriaren 13an atxilotu zituen Poliziak, "ETAk sortu, garatu eta zuzendutako organo bateko kide izatearekin" lotura dutelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu