Legez kanporatzeak

Garzonek biharko manifestazio "ez-legezkoa" eragozteko eskatu dio Ertzaintzari

Auzitegi Nazionaleko epaileak dio EAE-ANVk ezin duela mobilizaziorik antolatu, jarduerak etenda dituelako atzotik. Eutsi egin diote, ordea, manifestazioari, eta 12:00etan hasiko da, Bilbon, Donostia Plazatik, 'Euskal Herriaren eskubideen alde. Salbuespen egoerari stop' lelopean. EAE-ANVk EAJri galdetu dio ea ertzainak bidaliko al dituen milaka herritarren eskubide zibil eta politikoen "bortxatzaile" izateko.

2008ko otsailaren 9a
17:14
Entzun
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak biharko Bilbon EAE-ANVk deitua duen manifestazioa "ez-legezkoa" dela esan du gaur, eta Ertzaintzari mobilizazioa eragozteko eskatu dio. Garzonek dio alderdi politiko horrek -eta EHAK-k- ezin duela manifestaziorik egin, jarduerak eten zizkiolako atzo. Neurri haren ondoren deitu zuen EAE-ANVk biharko mobilizazioa, atzo bertan.

Garzonek jakinarazi du Haizea Ruiz Bretosek egin duela manifestazioa egiteko eskaera, eta honi ondorioak jasan ditzakeela abisu egin dio. Araua hausten duena jazartzeko eskatu dio epaileak Ertzaintzari, bide batez.

Manifestazioari, ordea, eutsi egin diote, gaur arratsaldean prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez. 12:00etan hasiko da, Bilbon, Donostia Plazatik. Euskal Herriaren eskubideen alde. Salbuespen egoerari stop izango da leloa. "Euskal Herriaren eskubideen alde eta salbuespen egoera basati hau kalean salatzeko beharra eta eskubidea dugu euskal herritarrok. Eta zentzu horretan, berretsi egin nahi dugu oztopo, debeku, suspentsio eta ilegalizazio guztien gainetik, hautetsiok lanean eta borrokan jarraituko dugula Euskal Herrian marko demokratiko bat eraiki arte, eta Euskal Herria independentziaren atarian jarri arte".

Bide batez, martxoaren 9an Espainiako hauteskundeen parte hartuko duela berretsi du EAE-ANVk. "Maiatzeko hauteskundeetan milaka eta milaka herritarrek mandatu argia eman ziguten: aldaketa politikoa gauzatzeko botoa eman ziguten, eta, hurrengo hauteskunde deialdian, eskuratzen ditugun botoak, independentziaren bidean, aldaketa politikoa gauzatzeko bideratuko ditugu. Erasoek ez gaituzte bide politiko horretatik ezta milimetro bakar bat ere mugiaraziko, eta PSOE erratu egingo da berriz ere errepresioarekin kikilduko garela pentsatzen badu".

EAJri ere mezua helarazi dio. "Zer egingo duzue debeku honen aurrean? Beste askotan egin ohi duzuen bezala, Ertzaintza bidali euskal herritarrak jipoitzera? Milaka eta milaka herritarren eskubide zibil eta politikoen bortxatzaile bihurtuko zarete zuek ere? Herri honekin erantzukizunez jokatzeko deia egiten dizuegu, gainontzean, gertatzen denaren erantzule zuzenak izango baitzarete zuek ere".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.