Politika

Garzonek debekatu egin ditu mobilizazio eguneko ekitaldiak

Askatasunak sustatuta daudela-eta hartu du erabakia epaileak. 'Gazteria independentista aurrera! Hitza eta erabakia askatasunez' lelopean, goizean LABek elkarretaratzeak egin ditu hiriburuetan, manifestazioak izan dira eta ikastetxeetan geldialdiak egin dituzte. 200 lagunek Eusko Legebiltzar aurrean kontzentrazioa egin dute eta Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu.

2007ko urtarrilaren 25a
17:32
Entzun
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak debekatu egin ditu gaur deituta dauden mobilizazio eguneko ekitaldiak. Haren ustez, ekitaldiak Askatasunak sustatutakoak dira eta, elkarte hori legez kanpokoa denez Espainiako Estatuan, epaileak debekatu egin ditu ekitaldiak. Juan Mari Olano eta Julen Larrinagari zuzendu zaie Garzon, dena bertan behera utz dezaten eskatuz. Hala ez badute egiten, "beharrezkoak diren neurriak" har ditzatela agindu die epaileak Ertzaintzari, Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari.

Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeak “talde terrorista” direla erabaki duela-eta du deitua gaurko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) mobilizazio eguna, Gazteria independentista aurrera! Hitza eta erabakia askatasunez lelopean, Espainiako Gobernuaren legez kanporatze politikagatik sumario ezberdinetan auzipetuak diren lagunekin batera.



Goizean LABek elkarretaratzeak egin ditu hiriburuetan eta ikastetxeetan geldialdiak egin dituzte. Gasteizen 200 lagunek Eusko Legebiltzar aurrean kontzentrazioa egin dute, eta haietako bi kateatu egin dira. Ertzainek han zegoen jendearen kontra kargatu egin dute. Kateatu direnak ez ezik, beste gazte bat ere atxilotu egin dute. Aurretik Gasteizen manifestazioa egin dute hainbat lagunek; Bilbon ere izan da.

Arratsaldean AAMek Bilbon manifestazioa egingo du, plaza zirkularretik abiatu eta PSE-EEren egoitzaraino.

Auzitegi Gorenaren epaia, "proiektu independentistaren kontrako epaia da”, AAMen ustez. “Ateak parez pare zabaltzen dizkio Espainiako Gobernuak lan politikoaren kriminalizazio eta jazarpenari. Eta ateak ixten dizkio, beraz, elkarrizketa bidezko konponbideari”.

Azken batean, “Euskal Herriaren kontrako erasoa” dela dio. “Oso oker daude ezker abertzalearen arazo gisa ulertzen duten horiek”. Hala, AAMek uste du “herri gisa erantzun” behar dela. “Bere gazteria babesten ez duen herriak ez du etorkizunik, ez bada sumisioarena, menpekotasunarena eta lotsarena”.

Sinn Fein Irlandako alderdiko gazte taldeak salatu egin du Auzitegi Gorenaren erabakia, "ez delako demokratikoa eta justua", eta euskal gazteriak independentzia eta sozialismoa lortzeko antolatzeko daukan eskubidea defenditu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.