Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak EAE-ANV alderdiaren jardunbidea ez etetea erabaki du, "ETA-Batasunarekin inolako loturarik ez duelako". Hala, Batasuna eta biak ez direla alderdi berak iritzi dio epaileak. "Batasuna legez kanpokoa denetik, ANVk ezker abertzalearen ekitaldi batzuetan parte hartu badu ere eta Batasuna bezala esparru horretan kokatzen dela frogatuta dagoen arren, bere egitura izan du, Batasunaren ingurutik kanpo". Aurrez ere, "2001 aurretik, egiaztatuta geratu da ANV ez zuela ETAk sortu edo zuzendu".
Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren Zuzendaritza Orokorraren txosten bateratua jaso zuen atzo Garzonek, eta hori aztertzen aritu da harrezkero. Txostenaren arabera, "ezin da esan EAE-ANV alderdia ETA-Batasunaren tresna denik [hala dio Garzonen autoak ere], nahiz eta antzeko helburuak dituzten edo Batasunak hauteskundeetarako erabili duen zantzuak egon daitezkeen".
ETAren ustezko ohar batzuk aipatu ditu Garzonek autoan, eta "hor ikusten da [ETAk] interesa duen erakunde denei buruzko plangintzak, iritziak eta gogoetak dituela, haien artean ANVri buruzkoak, baina ezin da ondorioztatu harreman organikorik egon denik" aipatutako alderdiaren eta erakunde armatuaren artean.
Dignidad y Justicia elkarteak aurrez Garzoni bi aldiz eskatua zion EAE-ANV suspenditzea, "Batasunaren parte" delakoan.
EAE-ANV 1930ean sortutako alderdia da, eta 1977tik legezkoa Espainiako Estatuan.
Auzitegi Nazionalak gaurko autoa atera arren, Auzitegi Gorenak hartuko luke hauteskundeei begira alderdiaz erabakia, baldin eta aurrez EAE-ANVren kontrako inpugnazioak jasotzen baditu. Maiatzaren 2an eta 3an izango dute Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak zerrendak inpugnatzeko aukera.
Garzonek EAE-ANVren jardunbidea ez etetea erabaki du
Epailearen arabera, alderdi historikoak "ETA-Batasunarekin inolako loturarik ez du". Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren Zuzendaritza Orokorraren txosten bateratua aztertu ondoren autoa atera du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu