Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon instrukzio epaileak ohartarazi duenez, ekintza bat ustez Batasunarekin duen loturagatik zalantzan jartzen den hurrengo aldian «oso kontuan» izan beharko da Batasunaren jarduerak eteten dituen autoa «bere terminoetan» aplikatu beharko dela, eta auto horrek ezin izango diela beste erakundeei eragin.
Hala jakinarazi du Garzonek, Fernando Grande-Marlaska epaileak ekainaren 17rako hainbat eragilek konponbidearen alde Iruñean deitutako manifestazioa debekatu izana berresten duen autoan. Ordukoan, Grande-Marlaskak manifestazio hura Batasunak babesten zuelakoan debekatu zuen.
Modu horretara, Garzonek ez du aintzat hartu Santos Indakoetxeak ezarritako helegitea, nahiz eta azpimarratzen duen orain helegitea aztertzen duen epailea ez dela legez kanporatzea erabaki zuen bera eta horregatik ezin dela sartu erabaki hori hartzera bultzatu zuten uste pertsonaletan. Santos Indakoetxea, LABeko kidea, izan zen manifestazioa egiteko baimena eskatu zuena, nahiz eta manifestaziorako deia hainbat eragileren artean egin zuten.
Garzonen aburuz, gainera, «helegileak arrazoia du bere izena Batasunaren egituraren barnean ez dagoela dioenean». Hala izango balitz ere, Garzonen ustez ez litzateke arrazoi nahikoa izango manifestazio bat galarazteko. «Izan ere, jarduerak eteten dituen autoak islatzen duenez, Batasuneko militante izateak ez du esan nahi, gainera, bere eskubide politiko eta zibilak garatu ezin dituenik, beti ere legez kanpoko erakunde baten izenean egiten ez duen bitartean», dio Garzonen atzo kaleratutako erabakiak.
Dena den epaileak onartzen du «inpugnaturiko autoaren balorazioak, idatzita dagoen bezala» ezingo lukeela beste erabaki batera eraman. «Ondorioz inpugnaturiko ebazpena mantendu behar da».
Ildo horretan, «etete autoa kausa horretan auziperaturiko edo akusaturiko pertsonengan, edota Batasunaren izenean edo ordezkaritzan jardutean soilik aplikatuko da», dio autoak, baina ez euren kontutik edo beste erakunde batzuen izenean deituriko ekitaldien kasuan.
Garzonek nabarmendu duenez, gainera, jardueren etetea ez da Batasuna beste batzuen ekimenera atxikitzen denean aplikatuko, ekitaldiaren garapenari eta denborari dagokionean kooperazio edo koordinaziorik ez baldin badago behintzat.
Pedrazen oporraldia baliatu du Garzonek bi euskal preso espetxean mantentzeko
David Pla eta Aitor Lorente euskal presoak espetxean mantentzea erabaki zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek. Sei urteko espetxe zigorra beteta, atzo atera behar zuten espetxetik, baina askatasuna ihes egiteko erabil dezaketela ondorioztatu zuen Garzonek. Hala, auto bat atera zuen epaileak, eta espetxeraturik mantentzea «erabakirik egokiena» dela esan zuen.
Kasu horretaz, berez, Santiago Pedraz epailea arduratzen da, eta Pedrazek bi presoen aurkako auzibidea abiatzeari uko egin zion uztailaren 14an kaleratutako autoan.
Fiskalaren eskariz, PPko senatari Manuel Gimenez Abaden hilketari buruzko sumarioa ireki zuen berriz Pedrazek, baina kasua aztertuta ondorioztatu zuen ez zegoela nahikoa zantzu Pla eta Lorente auzipetzeko eta espetxean mantentzeko. Fiskalak erabakiari helegitea jarri zion, eta helegite horri erantzun zion Garzonek atzo. Pedrazek hartutako erabakia atzera bota zuen, hura oporretan zela baliatuta, eta bi presoak inputatu zituen.
Ainara Esteran eta Nerea Garaizar ere inputatu ditu. Hala ere, bi horien kasuan Garzonen erabakiak ez du berehalako ondoriorik izango. Esteran preso dago Espainian, eta Garaizar Frantzian, baina biek oraindik espetxean jarraitu behar dute, ezarritako zigorrak ez baitituzte agortu.
Garzonen iritziz, nahikoa zantzu dago esateko Pla, Lorente, Esteran eta Garaizar izan zirela ETAri Gimenez Abaden aurkako atentatua prestatzeko informazioa pasa ziotenak. 2001eko maiatzean egin zuen ETAk atentatua, Zaragozan (Espainia).
Hain zuzen ere, ordurako, Plak eta Lorentek urtebete zeramaten espetxean, eta hori da Pedrazek haien aurka ekiteari uko egiteko arrazoietako bat. Izan ere, fiskalak dio Plak eta Lorentek Gimenez Abaden ohiturei eta ibilbideei buruzko informazioa pasatu ziotela ETAri, eta horri esker egin zuela atentatua. Pedrazen aburuz, urtebete espetxean egonda, haiek Gimenez Abaden ohiturei buruz emandako informazioa zaharkitua egongo litzateke atentatua egiterako.
Legez kanporatzea
Garzonek esan du Batasunaren legez kanporatzeak ezin diela besteei eragin
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak atzo ohartarazi zuenez, Batasunaren jarduerak eteten dituen autoa «bere terminoetan» aplikatu behar da, eta auto horrek ezin izango die beste erakundeei eragin. Bestalde, Santiago Pedraz epailearen oporraldia baliatuta bi euskal preso espetxean mantentze erabaki zuen Garzonek. David Pla eta Aitor Lorente presoek ihes egin dezaketela ondorioztatuta hartu zuen erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu