Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur jakinarazi du Espainiako Estatuko lurralde epaitegien esku utziko duela 1936ko Gerrako eta frankismoko (1939-1975) desagertuei buruzko ikerketa.
Euskal Herriko auzitegiei dagokienez, Nafarroakoaren eta Bizkaikoaren esku utzi du. Beste epaitegiak: Coruña, Asturias, Badajoz, Burgos, Castello, Cordoba, Granada, Huelva, Huesca, Leon, Lugo, Madril, Palentzia,
Pontevedra, Salamanca, Soria, Toledo, Zamora, Zaragoza, Bartzelona, Burgos, Valentzia, Malaga eta Zaragoza.
Garzon azkeneko bi astean ez da lantokian egon, gaixorik egon delako. Gaur itzuli da beharrera, eta orduan eman du albistearen berri.
Epaileak urriaren erdialdera iragarri zuen ikerketa abiatuko zuela, baina harrezkero presioak izan ditu. Javier Zaragoza Espainiako fiskal buruak, kasu, Auzitegi Nazionalean helegitea jarri zuen pasa den hilaren 20an, Auzipetze Kriminaleko Legearen 23. artikuluan oinarrituz, eta auzitegia laster zen erabakia hartzekoa. Zaragozak zioenez, lege horren arabera, Fiskaltzak edota auzian parte hartzen duen edozein aldek Auzitegi Gorenera jo dezake, epaile instruktore hark kasuan eskumenik ez duela irudituz gero. Horren arabera, beraz, Fiskaltzak zioen Garzon epaileak 36ko gerran desagertuen auzian eskumenik ez duela.
1936tik 1952ra Espainiako Gerran eta frankismoaren zapalkuntzan desagertutakoen auzia ikertuko duela erabaki zuen Garzonek. Hego Euskal Herrian desagertutako 13.000 bat pertsona aipatu zituen autoan. Horiekin batera, Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan desagertutako beste 100.000 bat lagunen kasua aztertzeko asmoa agertu zuen.
Epaileak urriko autoan adierazten zuenez, 1936ko uztailaren 18an hasi zen altxamendu armatua "guztiz planifikatutako erabakia" izan zen eta Espainiako Gobernua bukatzea zen haren helburua. Horrez gain, epaileak adierazi zuen gertaeren azterketa "alderdikeriarik gabe eta modu nesurritsuan" eginez gero, ondoriozta daitekeela gerrako irabazleek haien zuzenbidea ezarri zietela galtzaileei eta Estatuaren tresna guztiak ezarri zituztela martxan matxinadaren alde borrokatutakoak aurkitzeko.
Gizartea
Garzonek Espainiako lurralde epaitegien esku utzi du gerrako eta frankismoko desagertuen ikerketa
Epaileak urriko autoan Hego Euskal Herrian desagertutako 13.000 bat pertsona aipatu zituen. Fiskalak helegitea sartu zuen haren erabakiaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu