Politika

Garzonek kartzelara bidali ditu ostiralean atxilotu zituzten ezker abertzaleko zortzi kideak

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Iñaki Olalde, Amparo Lasheras, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Arantza Urkaregi, Imanol Nieto, Agurtzane Solaberrieta eta Hodei Egañari D3M hauteskundeetan izateko ETAren aginduetara aritzea egotzi die. Gaur goizean bidali ditu Soto del Real espetxera.

2009ko urtarrilaren 26a
14:39
Entzun
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur goizean espetxera bidali ditu Iñaki Olalde, Amparo Lasheras, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Arantza Urkaregi, Imanol Nieto, Agurtzane Solaberrieta eta Hodei Egaña ezker abertzaleko kideak, ETAren, Batasunaren eta Ekinen aginduetara aritu direlakoan. Ondorioz, "erakunde terroristako kide" gisa jo ditu.

Espainiako Poliziak ostiral goizean atxilotu zituen, Garzonek berak aginduta. Inkomunikatuta eduki dituzte harrezkero, Madrilen.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako gutxi falta dela egin zuten operazioa, eta Demokrazia 3.000.000 (D3M) hautesle elkarteko bultzatzaileak dira haietako batzuk. Garzonek Arantza Zulueta abokatuari aitortu zion operazioa D3M plataformarekin lotuta dagoela, eta gaur ateratako autoan dio "Batasuna berriaren antolaketa gunea" dela D3M.

Epaileak goizeko ordubietan bukatu du haiek hartzen bere bulegoan -atzo 23:15ean hasi zen horretan-, eta bostetan jakinarazi du neurria. Soto del Real (Espainia) kartzelara bidali ditu. Eskaera horixe egin dio Dolores Delgado fiskalak. Garzonek dio Batasuna, EHAK eta EAE-ANV alderdi politikoen legez kanporatzeak gainditzen eta hauteskundeetara aurkezten saiatu direla D3M herri plataformaren eta eta Askatasuna alderdiaren bitartez.

Bilbon Herri Aurrera elkartearen eta Gasteizen Gasteiz Izan-en egoitzak ere miatu zituen Poliziak, eta Garzonek dio atxilotuek lokal haiek erabili zituztela.

Tasio Erkiziaren, Marine Pueyoren eta Miren Legorbururen etxeak ere miatu zituzten ostiralean, besteak beste, eta Erkiziak larunbatean Bilbon prentsaurrekoan oharrarazi zuen ezker abertzaleak jendaurreko lana egiten jarraituko duela. "Baten batek uste badu errepresioa basati honekin ezker abertzalea klandestinitatera pasatuko dela, oso oker dago. Lan politiko handiagoa egingo dugu".

Espainiako Estatuaren izaera "faxista eta totalitarioa" dela deritzo Erkiziak, "arrazoiaren faltan indarra erabiltzen baitu". Espainiako Gobernuak Lizarra-Garaziko aroa "itxi" nahi du, haren aburuz. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren isiltasuna ere kritikatu du.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kritika

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) kritikatu egin du Garzonen erabakia eta iritzi dio Espainiako Gobernuak "benetako salbuespen egoera ezarria" duela. "Gero eta herritar gehiago daude espetxean lan politikoa egite hutsagatik. Lan politikoa atxiloketekin, inkomunikazioarekin, espetxearekin eta sakabanaketarekin ordaintzen da Euskal Herrian. Independentista izatea galarazia dago. Independentista izan eta hauteskundeetara aurkeztu nahi baduzu espetxera bidaltzen zaituzte".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.