euskal presoak

Garzonek Maite Aranalde preso ohia atxilotzeko agindua eman du

Lehengo ostegunean utzi zuten libre, Frantziak Espainiaren esku laga ostean. Auzitegi Nazionaleko epailearen arabera, preso ohia ez da joan auzitegiko hitzordura eta ihes egin du. "Atzemango dugu", esan du Rubalcabak.

2009ko irailaren 1a
14:01
Entzun
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Maite Aranalde (Ibarra, Gipuzkoa) preso ohia bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman berri du, haren arabera Aranalde ez delako azaldu auzitegira -astero agertzeko neurria jarri zioten- eta ihes egin du.

Lehengo ostegunean geratu zen libre Ibarrako bizilaguna, Frantziak Espainiaren esku laga ostean. Soto del Real Madrilgo espetxean sartu zuten eta, libre irteteko, hamabi mila euroko bermea ordaindu zuen.

Auzitegi Nazionaleko iturrien arabera, Polizia Aranalderen etxera joan da atzematera, baina ez zegoen bertan.

Sei urte eman zituen preso Frantzian, eta lehengo astean Espainiaratu egin zuten, estradizio baten bidez. 2005eko martxoaren 19an atxilotu zuten, Montpellierren (Okzitania), ETArekin harremana izatea leporatuta. Frantzian espetxe zigorra bete eta gero, Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuten, eta baldintzapean aske utzi zuen Eloy Velasco epaileak.

Dena dela, epaileak erabaki zuen Aranalderi Espainiako pasaportea erretiratzea eta Espainiaren menpe dauden lurretatik ateratzeko debekua jartzea. Etxetik gertuen dagoen auzitegian astero agertzeko agindua ere eman zion. Izan ere, beste delitu bat egotzi nahi diote Aranalderi, berriz ere auzipetzeko, baina Frantziako Justiziak galdu egin ditu horretarako behar dituen agiri batzuk, eta prozedura luzatu egingo da. Hala, Aranalde libre utzi zuten, baina Espainiako Fiskaltzak eskatu zuen atxilotzeko.

"Akats burokratikoa egon zen, baina atzemango dugu", esan du gaur Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.