Juan Mari Olano Askatasuneko buruzagia atxilotu eta Espainiako Auzitegi Nazionalera eramateko agindu du gaur Baltasar Garzon espainiar epaileak, deklarazioa hartzeko. Garzonek dioenez, Olanok, atzoko manifestazioa ez egitearen debekua hausteaz gain, auzipetua dagoen kasuko delituak egin ditu berriro. Fiskaltzak aurrez hura Auzitegi Nazionalera eramateko eskatu du.
Olano baldintzapeko askatasunean dago gaur egun, 60.000 euroko bermea ordainduta, eta epaiketaren zain Amnistiaren Aldeko Batzordeetako eta Askatasuneko kidea izateagatik.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) antolatutako manifestazioan atxilotu zuten atzo, beste zortzi lagunekin batera. Desordena publikoa eragitea eta legez kanpoko manifestazioan parte hartzea leporatzen diete. Olanori legez kanpoko manifestazioa antolatzea ere bai.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren debekua betearazteko Ertzaintzak indarrez eragotzi zuen atzo Donostian AAMek antolatutako manifestazioa. Ondorioz, istilu handiak izan ziren Bulebarrean eta Alde Zaharrean. Ertzaintzak bederatzi lagun atxilotu izana, eta poliziaren eta manifestarien arteko liskarretan hamaika lagun zauritu izana dira horren isla.
Guztiak libre, Olano izan ezik
Atxilotutakoak atzotik Donostian, Antigua auzoan Ertzaintzaren etxean eduki dituzte, eta gaur 13:00ak aldera epailearen aurrera eraman dituzte Donostiako Instrukzio Epaitegira, deklaratzera. Guztiak baldintzapean libre utzi dituzte, Olano izan ezik. Besteek gertuen duten epaitegira hamabostera sinatzera joan beharko dute.
Ertzaintzak emandako datuen arabera, 24 eta 62 urte arteko bederatzi lagun dira atxilotuak, zortzi gizonezko eta emakumezko bat. AAMak atxilotutako zazpi lagunen nortasunaren berri eman du: Izaskun Azkarate, Jon Mikel Fernandez, Xabier Ibaiondo, Imanol Esoain, Asier Eizagirre, Patxi Gil eta Juan Mari Olano. Beste bi atxilotuak G.A.M. (30 urte) eta E.D.M. (24 urte) dira.
Liskarrei buruzko txostena Donostiako Instrukzio Auzitegira ez ezik, Madrilera, Espainiako Auzitegi Nazionalera, igorriko duela iragarri du Ertzaintzak.
Paulino Luesma Espainiako Gobernuak EAEn daukan gobernadoreak "zorionak" eman dizkio Ertzaintzari atzoko jokabideagatik. Odon Elorza Donostiako alkatea ere gustura azaldu da ertzainekin.
Istiluak Donostiako manifestazioan
Garzonek Olano atxilotu eta Auzitegi Nazionalera eramateko agindu du
Aurrez egindako delituak berriro egitea leporatu dio Askatasuneko buruzagiari epaileak. Bederatzi lagun atxilotu zituzten atzo Donostian, Aministiaren Aldeko Mugimenduak antolatu eta Ertzaintzak indarrez eragotzitako manifestazioan, eta Olano ez beste guztiak libre utzi dituzte, baldintzapean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu