Garzonen auzia ixteko eskatu dute fiskalak eta defentsak

Hogei urteko inhabilitazioa eskatu du herri akusazioak epailearentzat; prebarikazioa egotzi diote, frankismoa ikertzeagatikGarzonen abokatuak eta fiskalak auzitan jarri dute Luciano Varelaren instrukzioa

edurne elizondo
Iruñea
2012ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Fiskalak defentsarekin bat egin du. Luis Navajasek babesa eman dio Baltasar Garzon epailearen abokatu Gonzalo Martinez-Fresnedaren tesiari, eta auzia ixteko eskatu du Espainiako Auzitegi Gorenean hasitako epaiketaren lehen saioan. Herri akusazioa da Garzonen kontrako zigorra eskatu duen bakarra, eta hori ez da nahikoa prozesuak aurrera egin dezan, fiskalaren eta defentsaren arabera.

Herri akusazioak hogei urteko inhabilitazioa eskatu du Garzonen aurka, prebarikazioagatik. Manos Limpias eta Libertad e Identidad elkarteek osatzen dute herri akusazioa. Haien ustez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak prebarikazioa egin zuen frankismoaren garaiko krimenak ikertzeko eskumena zuela erabakita.

Memoria berreskuratzeko hainbat elkartetako kideen babesa izan zuen Garzonek atzo, haren kontrako epaiketaren lehen egunean. Halako elkarteek frankismoaren krimenak argitzeko aurkeztutako salaketen harira jarri zen abian Garzonen aurkako prozesua. Epaileak krimen horiek ikertzeko eskumena zuela erabaki zuen; erabaki horren kontra egin zuten, ordea, Manos Limpias eta Libertad e Identidad elkarteek, bai eta Falange Españolak ere, nahiz eta gero azken hori auzitik kanpo utzi zuten epaileek.

Varelaren «alderdikeria»

Taldeon argudioak aintzat hartu zituen Auzitegi Gorenak. Instrukzioa Luciano Varela epaileak egin zuen. Haren lana auzitan jarri zuten atzo Garzonen defentsak eta fiskalak. Haien hitzetan, Varelaren instrukzioa «sekula ikusi gabea» izan da.

Gehiago erran zuen Garzonen abokatu Martinez-Fresnedak atzoko lehen saioan. «Prozeduraren oinarrizko arauak urratu zituen Varelak; auzian parte hartu, eta alderdikeriaz jokatu zuen».Abokatuak adierazi zuen Varelak aukera eman ziola Manos Limpias sindikatuari haren akusazio idatzia zuzentzeko. «Akusazioak azkenean aurkeztutako agiria Varelaren autoen kopia da». Abokatuak gogorarazi zuen hainbat auzi forma akatsen ondorioz itxi izan direla.

Garzonen abokatuak, gainera, erran zuen zuzenduta ere Varelak atzera bota behar izan zuela Manos Limpiasen akusazio idatzia, «ez baitu zehazten zeintzuk diren Garzonen erabakien artean ustez bidegabe eta prebarikatzaileak».

Manos Limpias eta Libertad e Identidad taldeek herri akusazioa egiteko legitimitaterik ez dutela azpimarratu zuen Martinez-Fresnedak, eta iritzi horrekin bat egin zuen fiskalak. «Taldeok ez dute inolako kalterik jaso Garzonen jardueraren ondorioz; Garzonen jarrerak, are gehiago, ez dio inori kalterik egin. Ondorioz, herri akusazioa ez da nahikoa epaiketa aurrera eramateko».

Kontrako iritzia defendatu zuen atzo Manos Limpias sindikatuko abokatu Joaquin Ruiz Infantek. «Ebatzi beharrekoa da ea Garzonek legea hautsi zuen ikertzeko eskumena zuela erabakita», erran zuen.

Erantzuna argia da Garzonen abokatuarentzat. Akusazioarekin ez ezik, Auzitegi Gorenaren hainbat erabakirekin ere kritiko agertu zen atzo Martinez-Fresneda, epaitegiak ez baitio aukera eman defentsari hainbat jurista deitzeko. Martinez-Fresnedok Txileko epaile Juan Guzman deitu nahi zuen lekuko gisa, bertzeak bertze. Guzmanek Augusto Pinochet diktadorearen aurkako auzia jarri zuen martxan.

Atzoko lehen saioaren ondoren, hilaren 31 bitarte bertan behera gelditu da Garzonen aurkako epaiketa. Hurrengo astearteko saioan, hain zuzen ere, Auzitegi Nazionaleko epaileak berak deklaratuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.