gizartea

Garzonen helegitea tramitera onartu du Auzitegi Gorenak

Zigor salak horri buruzko erabakia hartu artean auzitik kanpo geratuko da Varela magistratua. 36ko gerran eta frankismoan desagertutakoen egoera argitzeko auzia abiatzean prebarikazioa egin izana leporatuta akusatuen aulkira eman nahi du Varelak.

2010eko apirilaren 28a
13:22
Entzun
Luciano Varela Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak tramitera onartu du Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen defentsak sartutako helegitea. Ondorioz, orain, Goreneko zigor salak horri buruzko erabakia hartu artean, Varela auzitik kanpo geratuko da.

Honek erabaki zuen, duela aste batzuk, Garzon akusatuen aulkira eramatea, 36ko gerran eta frankismoan desagertutakoen egoera argitzeko auzia abiatzean prebarikazioa egin izana egotzita.

Gonzalo Martinez Fresneda abokatuak sartu zuen erabaki horren aurkako helegitea, lehengo ostiralean, Varelak "interes zuzena" duela leporatuta. Izan ere, defentsaren ustez, Goreneko magistratuak auzian "partzialtasuna" duela erakutsi du, Falange eta Manos Limpias elkarteei akusazio idatziak legedira moldatzeko eskatu zielako.

2008ko urriaren 16an hartu zuen kasua Garzonek. 115.000 lagun bilatu eta identifikatzeko eskatu zuen, hemeretzi hobitan indusketak egiteko; tartean, Ezkabako gotorlekuan. Frankismoak gerra krimenak egin zituela esan zuen epaileak, eta haien arduraduntzat jo zituen erregimeneko 35 goi kargu; besteak beste, Francisco Franco bera. Altxamendua ongi planifikatutako ekintza izan zela deliberatu zuen, eta Espainiako Errepublikako Gobernuko arduradunak desagerraraztea zuela helburu. Alabaina, krimenen arduradunak hilda daudenez, haien delituak iraungi direla zehaztu zuen.

Varelaren ustez, ikerketa hori hasi izana ez zen Garzonen eskumena eta honek jakin bazekien hori. Horixe egotzita inputatu dute Auzitegi Nazionaleko epailea, Manos Limpias, Falange eta Libertad e Identidad elkarteen eskariz.

Hamabi eta hogei urte arteko kargugabetze zigorra jaso dezake errudun jotzen badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.