Berlinen elkartu dira Errusia, Ukraina eta Europako Batasuna. Juri Prodan Ukrainako Energia ministroak bertan jakinarazi dio Errusiari 786 milioi dolar (576 milioi euro) ordaindu dizkiola Gazpromi, Errusiako gas monopolioari. Otsail eta martxoko fakturei dagokien zenbatekoa dela baieztatu du Prodanek. Mila metro kubikoko 268 dolarreko (197 euro) prezioa kalkulatuz egin du ordainketa Kievek, hori izan baitzen Errusiak Ukrainaren adostutako prezioa, Viktor Janukovitx presidentea kargutik kendu eta Errusiak prezio hori bikoiztu aurretik.
"Bazkide ukrainarrek zorraren zati bat ordaindu dute. [Gazpromek] dirua jasotzen badu, ikusi beharko dugu zenbat den", adierazi du Dimitri Medvedev Errusiako Lehen ministroak. Medvedeven arabera, Gazpromek jakinarazi dio eurak oraindik ez dutela dirurik jaso.
Guenther Oettinger EBko Energia komisarioak baieztatu du gaurkoan ez dela aurrerapausurik eman: "Aurrera pausu bat izan da, baina ez da aurrerabiderik izan gaur. Astelehenean lortuko dugu, agian". Bitartekari lanetan aritu da Oettinger. Moskuk Kieven transferentzia baieztatuko balu, astelehenean berriro elkartzekotan gelditu dira hiru aldeak; kasu horretan, Bruselan.
Gazpromen arabera, 5.200 milioi dolarretara (3.824 milioi euro) iritsiko litzateke Ukrainak Errusiarekin duen zorra ekainaren 7an, maiatzeko kontsumoari dagokion zenbatekoa gehituta.