Azpiegiturak

Gasteiz Antzokia Eskoriatza-Eskibel jauregiaren pare jartzea proposatu du Urtaranek

Gaur egun Auzolan frontoia dagoen lekuan eraikiko litzateke, eta bigarren fasean Euskararen Etxea Montehermosotik jauregira lekualdatuko litzateke.

Eskoriaza-Eskibel jauregia, Gasteizko harresi zaharraren gainean. Euskararen Etxea hara lekualdatzea proposatu du Gorka Urtaran alkateak. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2016ko uztailaren 15a
09:17
Entzun

Gasteiz Antzokia eraikitzeko proposamen zehatza egin du gaur hiriko alkate Gorka Urtaranek. Euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako aisialdi ekipamendua Eskoriatza-Eskibel jauregiaren ondoan jartzea lehenetsi du Santa Maria Fundazioko teknikariei eskatutako txostenak. Udalaren ustez, egokia da azpiegitura berria alde zaharrean egotea, inguru horren "motor kultural, sozial eta ekonomikoa" izan dadin. Falerinako lorategia, ur gordailua eta Etxauri plaza ere aztertu dituzte, baina hiru aukera horiek baztertu egin dituzte.

Antzokia eraikitzeko proiektu horrek bestelako ondorioak izango lituzke. Izan ere, kokaleku horretan jarri ahal izateko beharrezkoa litzateke Auzolan frontoia eraistea. Pilotaleku hori hirigintza ordenantzatik kanpo dago, baina horren erabilera sustatu eta garatu dute auzokideek elkarlanean, 2007 urtean udalak itxi ondoren zaharberritu eta berriro martxan jarri zutenetik.

Proiektuak jasotzen du espazio bat gordeko dela "frontoia egiteko edo auzokoei zuzendutako beste erabilera batekin". Ez du aipatzen horren kudeaketa nolakoa litzatekeen, gaurko autogestio ereduarekin alderatuz.

Behin frontoia kenduta, eraikin berri bat egingo litzateke ikuskizunetarako aretoa paratzeko. Ostalaritza jarduerak ere izango lituzke antzokiak, eta horiek ondoan dagoen antzinako ostatuaren espazioan jarriko lirateke. Kontzertu, antzerki eta dantza emanaldietarako aretoak 600-700 ikuslerentzako lekua luke, 500 metro koadroko espazio batean.

Sei milioi guztira

Udalaren proiektua ez litzateke Gasteiz Antzokiaren eraikuntzarekin amaituko. Bigarren fasean, Oihaneder Euskararen Etxea —gaur egun Montehermoson dagoena— lekualdatuko litzateke, eta azpiegitura berriaren ondoan jarriko litzateke, Eskoriatza-Eskibel jauregian.

Fundazioak egin dituen kalkuluen arabera, asko jota sei milioi euro inguruko aurrekontua beharko da obra guztiak egiteko. Ikuskizunetarako azpiegitura eta osagarriak eraikitzeko 2,5 eta 3,5 milioi bitarte jarri beharko lirateke. Eraikuntza lanak urte erdi iraungo luke.

Horren ondoren Eskoriaza-Eskibel jauregiaren zaharberritzeari ekingo litzaioke. Horretarako beste 2,5 milioi euro beharko direla aurreikusi dute, eta hamabi eta hamazortzi hilabete bitarteko epea. Lanak amaitu arte Oihanederrek gaur egun duen kokalekuan segituko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.