Gasteizen izango da aurtengo Euskaraz Bizi Eguna, eta bertan eman dute, besteak beste, leloaren zergatiaren berri. Etxarri-Aranazko Euskal Herria Euskaraz-ek bertako udaleko Euskara Batzordearekin abiatu zuen Ez zaitez sekula espaloitik jaitsi egitasmotik, Ferran Suayk idatzitako Bahamarren edukazio ona deituriko testua oinarri hartuta.
"Erdaldunekin topo egitean, espaloitik jaitsi eta erdaren errepidera egiten dugu salto", azaldu du EHEk. Eguna hainbat eragile eta elkarterekin auzolanean antolatzen da elkartea. Horri lotuta, kale animazio, azoka, herri bazkari, haurrentzako txoko zein ekitaldi, kontzertu eta abarretara joateaz gain, egun horretarako prestatutako mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
"Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela, euskaraz bizi nahi dugula erakusteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna", adierazi du EHEk.