Gaur hartu ditu Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, Madrilen, Bergoi Madernaz, Aitor Juarez, Azaitz Garcia, Ganeko Urzelai, Jon Ligerzana eta Ander Garai, lehengo asteartean Espainiako Poliziak kale erasoekin lotura dutelakoan Gasteizen atzeman zituen gazteak, eta haietatik bost kartzelara sartzeko agindu du: Madernaz, Juarez, Garcia, Urzelai eta Garai. Aurreneko laurei Segi legez kanpoko gazte erakundeko "buruzagi" izatea egotzi die, eta Garairi Segiko kide "soila" izatea.
Aldiz, Ligerzanari 24.000 euroko bermea jarri dio Pedrazek, eta epaitegirik gertukoenera astero sinatzera joateko agindua.
Polizia beste bi gazteren bila ere joan zen orduan eta ez zituen aurkitu; haietako bat gaur bere kabuz aurkeztu da auzitegira -Jon Anda-, eta hau libre utzi du epaileak, kargurik gabe.
Fiskalak, aldiz, denak kartzelatzeko eskatu dio Pedrazi. 21 eta 25 urtean dituzte zazpi lagun horiek.
Askatasunaren arabera, zortzien etxeak miatu zituzten, baita Olazuri auzoko Olazurimendi elkartea eta Aiztogile kaleko Irauli taberna ere. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, hamabi etxe arakatu zituzten, eta tabernak, berriz, hiru, herriko taberna bat haien artean.
Miaketetan "material asko" topatu dutela zioen Poliziak. Horien artean, "Segiren propaganda zein Askatasunaren, Batasunaren eta ETAren itsasgarri eta panfletoak, sakelako telefonoak, pintaketak egiteko materiala, itsulapikoak, bonolaguntzak eta latexezko eskularruak".
Espainiako Barne Ministerioak "ETAren laguntza taldeetako kide" izatea egotzi die gazte haiei. Eta "segurtasun indarren, eraikin ofizialen, alderdi politikoen egoitzen, banketxeen, garraio publikoko ibilgailuen, instituzioetako ibilgailuen, enpresa partikularren eta kaleko altzarien kontra" lehergailuak botatzea leporatzen diete.
Horretaz gain, Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak garbi esan zuen: "Polizia operazio hau ez da izango azkena". Hark zioen Poliziak eta Justiziak estrategia zabal bat prest dutela Euskal Herrian "kale erasoetan ari direnen kontra". Hala, gogora ekarri zuen joan zen uztailetik hona egin den gisa horretako seigarren polizia operazioa izan dela aste honetakoa.
Atxiloketak
Gasteizen aste honetan atxilotutako gazteetatik bost kartzelara sartzeko agindu du epaileak
Gaur eraman dituzte Santiago Pedraz epailearen aurrera Bergoi Madernaz, Aitor Juarez, Azaitz Garcia, Ganeko Urzelai, Ander Garai eta Jon Ligerzana, eta lehen bostak bidali ditu espetxera. Ligerzanari 24.000 euroko bermea jarri dio. Kale erasoetan parte hartzea leporatzen diete. Jon Anda gaur bere kabuz agertu da Espainiako Auzitegi Nazionalera, eta libre utzi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu