Estatu Islamikoko kidea izatea egotzita, asteartean, Gasteizen atxilotu zuten 21 urteko gizonezkoa espetxeratu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Santiago Pedraz epaileak bermerik gabe eta komunikatuta bidali du, behin-behinean kartzelara, estatu espainiarrean atentatu bat egiten ahalegintzeagatik eta hura finantzatzeko konpromisoa hartzeagatik.
Epailearen esanetan, ustezko jihadistak Marokoko kide batekin aritu zen atentatu bat prestatzen. Atxilotua atentatua gauzatzeko babes logistikoa eta ekonomikoa emateko prest agertu zen. Besteak beste, ibilgailu bat eta arma zuriak lortzera konprometitu zen, polizia ikerketen arabera.
Atxilotuak muturreko ideologia jihadista adierazia zuen publikoki. Poliziaren arabera, “bere bizitzan erabateko aldaketa egina zuen, eta sare sozialetan eraso terrotistak babesten zituen, gehienbat Estatu Islamikoak egindakoak”.