Indarkeria matxista

Gasteizen, emakume batek salatu du bortxatzen ahalegindu direla

Mugimendu feministak bederatzi eraso matxista zenbatu ditu jaiak hasi zirenetik. Ertzaintzak 42 urteko gizonezko bat atxilotu du, igandean emakume bati eraso egin izana egotzita. Erasoen aurkako protokoloa martxan jarri du udalak.

Eraso sexistak salatzeko protesta egin zuten atzo, mugimendu feministak deituta. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Berria
2016ko abuztuaren 9a
09:42
Entzun

Festetan izandako eraso matxistak salatzeko elkarretaratze batera deitu du mugimendu feministak; Andre Maria Zuriaren plazan izango da, 20:30ean. Ordu eta leku berean biltzeko deia egin dute Gasteizko Blusa eta Nesken batzordeak eta Gasteizko Udalak.

Udalak "irmoki gaitzetsi" du erasoa, eta elkartasuna adierazi die emakumeari eta haren ingurukoei. Abian jarri du jaietako indarkeria matxistaren aurkako protokoloa. Hala, gauerdian, ordu laurdenez musika kenduko dute zenbait tabernak, eta bost minutuz etengo dira udalak antolatutako ekitaldiak.

Mugimendu feminista, udalarekin kexu

Gasteizko mugimendu feministak agerraldi bat egin du bortxaketa saiakera salatzeko. Egoera "oso larria" dela adierazi dute, festetan salatutako hirugarren bortxaketa saiakera baita. Orotara bederatzi sexu eraso zenbatu dituzte festak hasi direnetik. "Erasotzaileak festa giroan lasai" dabiltzala salatu dute, eta egoera "jasangaitza" dela ohartarazi.

Udalaren jarrera ere gaitzetsi dute feministek, udalak orain aktibatu duelako erasoen aurkako protokoloa. Feministek bederatzi eraso zenbatu dituzte, baina, udalaren arabera, gaur salatu dutena izan da "jai giroko" lehen erasoa: "Modu horretan, kategorizatu egiten dituzte erasoak, eta, gainera, ez dituzte kontuan hartu lehenago gertatu direnak".

20:30ean egin dute elkarretaratzerako deialdia, baina ez dute bat egingo udalaren deialdiarekin: "Gure ustetan, mugimendu feministak dauka erasoen aurkako erantzuna antolatzeko zilegitasuna". Sexu erasoen inguruko eztabaida kolektibo baten beharra azpimarratu dute: "Argi dago erasoez ari garenean batzuk eta besteak gauza ezberdinez ari garela hizketan".

Bederatzi eraso festak hasi zirenetik

Gasteizko mugimendu feministak salatu du gutxienez bederatzi eraso matxista gertatu direla ostegunean festak hasi zirenetik. Erasoon aurkako elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Andre Maria Zuriaren plazan. Aurreko igandean ere, salaketa gisa, txosnetan musika kendu zuten, eta ez zuten zerbitzurik eman hamabost minutuz. Udalak ez zuen bat egin atzoko deialdiarekin, indarkeria matxistaren salaketak «festa girotik kanpo» izan direla argudiatuta; dena den, protestara joan ziren Estibaliz Canto Kultura zinegotzia eta Jaione Agirre Berdintasunekoa.

Ertzaintzak 42 urteko gizonezko bat atxilotu du, igandean emakume bati eraso egin izana egotzita. Zer gertatu zen ikertzen ari dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.