Ostegun arratsaldean Peruko hiritar bat «bidegabeki atxilotu» zutela salatu du KIRA Arabako Etorkin eta Errefuxiatuen Koordinakundeak. Gasteizko Herrietako Etxearen kanpoaldean zegoela gertatu zen atxiloketa, eta Agirrelandako polizia etxean eman zuen gaua. Desobedientzia, erresistentzia eta eraso saioa leporatu dizkiote, baina atxilotuak aldarrikatu du horrelakorik ez zela gertatu, eta udaltzainen «gehiegikeria» salatu du.
Luis Alberto Noriega da atxilotua, Rios Machu Picchu Peruko Herritarren Elkarteko presidentea. Gaueko bederatziak aldera gertatu zen. Gasteizko Herrietako Etxearen kanpoaldean zegoen, kide batekin; barruan, berriz, dantza talde bat zegoen. KIRAk jakinarazi duenez, ordu horretan hainbat udaltzain eraikinaren aurreko plazan zeudenak identifikatzen hasi ziren. Hori egiten bukatzean, Noriegarengana gerturatu eta eraikin barrura sartu edo alde egitea galdegin zioten. Gertatzen ari zena begiratzen baino ez zirela ari esan zien Noriegak. Harrotzen ari zela eta atxilotuko zutela mehatxu egin zioten udaltzainek; esan eta gutxira, atxilotu egin zuten.
Han zeuden lekukoek jakinarazi dute Noriegak ez zuela indarkeriarik erabili, baina zenbait udaltzain gainera bota zitzaizkiola. Eraikuntza barruan zeuden pertsonek atxiloketa zuzenean ikusi zuten beirazko ate baten beste aldetik, Udaltzaingoko kide batek atea itxi zuen arren.
Agirrelandako polizia etxera eraman zuten Noriega, eta han zegoela ospitalera joateko eskatu zuen, odoletan zegoela ikusi baitzuen. Buruko traumatismo arina antzeman zioten erietxean, baita zauriak ere: ezkerreko bekainaren gainean, sudurrean eta ezkerreko besoan.
Agiriak berritzearen zain dago Noriega, eta gertaera horrek izan ditzakeen ondorioen beldur dela jakinarazi du. Dena den, gertakariaren krudeltasunagatik suminduta dagoela jakinarazi du. «Nire kasua horrelako gertaerak itzalpean gelditu ez daitezen balio izatea nahi dut». Hain zuzen ere, Noriega atzerritarra izateari leporatu diote han izan ziren udaltzainen jokabide erasokorra.
Horrelakoak gertatzen diren lehen aldia ez dela gogorarazi du KIRAk. Besteak beste, uztailaren 22an udaltzain batek etorkin eta errefuxiatuen koordinakundeko kide bati lan eta egoitza baimena kendu ziola gogorarazi dute. Ordutik, pertsona hori agiririk gabe dagoela nabarmendu du KIRAk.
Argibideak eskatu
Bilduk adierazi du ostegunean izandako gertaerei buruzko argibideak eskatu dituela. Hain zuzen ere, udaleko Hiritarren Segurtasuneko zinegotzi Marian Castellanosi Udaltzaingoaren jokabidearen xehetasunen inguruko informazioa eskatuko dio dagoeneko.
Gasteizen etorkin bat atxilotzea eta jotzea egotzi diete udaltzainei
«Agintekeria» leporatu dio KIRAk Gasteizko Udaltzaingoari, eta adierazi du ez dela lehen aldia gertatzen dena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu