45 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean Gasteizen, indarkeria matxistarekin lotuta. Udaltzaingoak dei bat jaso du 01:15ean, Lakua-Arriaga auzoko etxebizitza batean bikote baten artean eztabaida zegoela esanez. Udalak ohar bidez azaldu duenez, emakumeak zauriak zituen aurpegian, itxuraz bikotekideak eragindakoak. Andrearen adierazpenak entzunda eta zauriak ikusita, udaltzainek gizona atxilotu dute.
Gaur goizean jarriko dute epailearen esku. Emakumea ospitale batera eraman dute zauriak sendatzeko.
Beste atxilotu bat asteburuan
Udaltzainek 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean emakume bati ukituak egitea egotzita. Amarika plazan izan zen erasoa: gizonak emakumeari sorbaldatik heldu zion, eta ipurmasailetan ukituak egin zizkion haren onarpenik gabe. Udaltzainek atxilotu egin zuten gizona, sexu-abusu delitua egotzita. Ondoren, epailearen esku utzi zuten.