«Bizirik» dago hiriaren memoria. Gaur bete dira 44 urte Espainiako Poliziak bost langile hil zituenetik Gasteizko Zaramaga auzoan, eta milaka pertsonak hartu dute parte haiek oroitzeko eta justizia eskatzeko antolatu dituzten ekitaldietan. «Justizia soziala, elkartasuna eta askatasuna izan ziren haien ardatzak duela 44 urte, eta gaur, atzo bezala, oso presente izan behar ditugu», adierazi du Martxoak 3 elkarteak. Hori nabarmendu dute manifestazioaren aurrean eraman duten pankartan: Nos seguís matando (Gu hiltzen jarraitzen duzue). Euskal langileok ez dugu barkatuko. Ez atzo ez gaur. Bizitza duina. Pankartaren aurrean, hildako bost langileen irudiak: Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Pedro Maria Martinez, Jose Castillo Garcia eta Bienvenido Pereda.
Manifestazioaren aurretik, lore eskaintza egin dute langileen oroigarrian. Zaramagatik abiatu dute manifestazioa; duela 44 urte, hilabeteak greban zeramatzaten hainbat enpresatako langile ugarik bilera bat egin zuten auzo horretako San Frantzisko elizan. Poliziak tiroka sakabanatu zituen. Bost pertsona hil zituzten, eta ehun zauritu.
«Gauza asko gertatu dira 44 urte hauetan, baina errealitate batzuk ez dira aldatzen. Egun, beharrezkoa da gure eskubideen alde borroka egitea, eta bizi baldintza duinak defendatzea», Martxoak 3 elkartearen hitzetan. Eskertu egin dute «herriaren babesa», eta eskari zuzenak egin dizkiete erakundeei. Lehenengoa, Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Gogora institutuari: San Frantzisko eliza Memoria eta Giza Eskubideen gune bilakatzeko. Bigarrena, Espainiari: «Inpunitatearekin ezin da demokraziarik egon».
Izan ere, Rodolfo Martin Villak Argentinako enbaxadan deklaratuko du hilaren 20an, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiagatik inputatuta. Duela hamar urte hasi zen Argentinak Francoren diktadurako krimenen aurka jarri zuen kereilaren bidea. «Halere, azken orduko azpijokoek egoera alda dezakete, babesik gabe jarraitzen dugu», esan dute. «Inpunitatea estatu auzi bat da; ez dakigu ez duten nahi, ezin duten ala ez diren ausartzen harekin hausten».
#Martxoak3
— Memoria Gara #MemoriaGara (@MemoriaGara) March 3, 2020
San Francisco, memoriarako gunea#MemoriaGarapic.twitter.com/CrMN0SQS2B
Manifestazio nagusiaz gain, alderdiek eta sindikatuek ere oroitu dute Martxoaren 3ko sarraskia, nork bere aldetik. EAJko kideek lore eskaintza egin dute Zaramagako oroigarrian; han izan dira Jose Antonio Suso Arabako EAJko presidentea, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran alkatea. Susok nabarmendu du garrantzitsua dela gogoratzea, baina «salatu» ere egin behar dela. «Ez dugu atzera egingo, saiatuko gara auzitegiek jarreraren bat har dezaten».
EH Bilduren ekitaldian, Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak eta lehendakarigaiak «egia, justizia eta erreparazioa» eskatu ditu. Horretarako lan egingo dute, «beharrezkoa den leku guztietan». Era berean, salatu du ez dagoela sarraskiaren erantzulerik justiziarentzat, eta adierazi du biktimekiko «konpromiso irmoa eta zintzoa» duela.
Arabako PSEko idazkari nagusi Cristina Gonzalez ere egon da Zaramagan: «Ez ditugu ahaztuko beren lan eskubideak defendatzeagatik hil zituzten bost gasteiztarrak», esan du hark.
Arratsaldean, manifestazioaren aurretik, Ahal Dugu-ko, Ezker Anitzeko eta EPK-ko kideek ere egin dute euren omenaldia.
âÂÂÂÂœŠ#Martxoak3#M3moriaâÂÂÂÂÂœÂÂÂÂÂŒï¸ÂÂÂÂÂÂÂ
— Martxoak 3 #M3moria (@Martxoak3) March 3, 2020
ðŸÂÂÂÂÂŒ¹ðŸÂÂÂÂÂŒ¹ðŸÂÂÂÂÂŒ¹ðŸÂÂÂÂÂŒ¹ðŸÂÂÂÂÂŒ¹ðŸÂÂÂÂÂŒ¹ðŸÂÂÂÂÂŒ¹
Mila esker Gasteiz:
Suak pizturik dirau 🔥 pic.twitter.com/GjjEe9WKxG
Gauean, 22:30etik aurrera, ETB2ko La noche de... saioan Vitoria, 3 de marzo filma emango dute. Victor Cabacok zuzendu zuen, 2018an. 1976ko martxoaren 3ko gertakariak kontatzen ditu, eta Jose Luis kazetaria eta haren familia dira filmaren ardatza.