Jose Manuel Soria (PP) Espainiako Gobernuko Industria ministroak Garoña zentral nuklearra ixteko agindua "baliogabetzeko asmoa eta borondatea" agertu ondoren —baimena 2019ra arte luzatzea nahi du—, haren alderdikide eta Gasteizko alkate Javier Marotok adierazi du zentralaren jarduera baimena luzatzea "akatsa" izango litzatekeela, eta Garoña 2013ko ekainean ixtearen alde agertu da, Espainiako aurreko gobernuak agindu zuen bezala.
"Hiritar gehienek pentsatzen dutena defenditzeko prest" dago Maroto, gaur Twiterrean emandako elkarrizketa batean jakinarazi duenez. "Lehentasuna, segurtasuna da". Arabatik gertu-gertu dago zentrala.
Gasteizko Udaleko Bilduk alkateari galdegin dio lehenbailehen elkartu dadila Soria ministroarekin, "Garoña behingoz itxi dezatela eskatzeko". Beste udal taldeek ere egon beharko lukete batzar horretan, Bilduren arabera. Talde honek hurrengo udalbatzarrean zentrala"berehala" ixtearen aldeko mozioa aurkeztuko du.
Aralarrek gaur jakinarazi du Garoñaren itxieraren eztabaida berriro eramango duela Eusko Legebiltzarrera. Honek zentralaren itxiera eskatu izan du legealdi honetan.
Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearra 1971n jarri zuten martxan, eta Espainiako Estatuko zentral nuklearrik zaharrena da. Berez 2009ra arteko baimena zuen, baina urte hartan Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak lau urte gehiago jarraitzeko baimena eman zion. Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN) txosten bat prestatu zuen Garoñaren jarduera noiz arte luza zitekeen aztertzeko, eta 2019ra arte irekita jarrai zezakeela iradoki zion gobernuari.