Javier Maroto (PP) Gasteizko alkateak aitortu du euskal presoek "pausoak" eman dituztela, eta Bilduren urratsak ere aitortu ditu. "Ez litzateke justua izango Bilduk, ezker abertzaleak eta presoen kolektiboak emandako pausoak ez aitortzea. Ezin da ukatu jendaurrean jarrera berria dutela, hizkera berria darabiltela, eta egoera politiko berria sortzen ari dela", esan du Marotok Gasteizen bertan gaur, Hiriaren Eztabaida saioan.
Hala ere, Bilduri esan dio bakea lortzeko "ezinbestekoa" dela "behingoz, espreski ETA gaitzestea". "Bestela, ezinezkoa izango da bakegintza". Marotoren ustez, Bilduko kide askok pauso hori eman behar dela iritzi diote. "Ausardiaz jendaurrean esatea eta hasi duten prozesua bukatzea falta zaie".
Kike Fernandez de Pinedo Bilduko bozeramaileak erantzun dio koalizioak "indarkeria oro errefusatzen" duela.
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioa sinatu zuen igandean —agiria larunbatean atera zuen—. Prozesu politikoan parte hartzeko eta amnistia eskatu zituzten, eta banakako neurriak baztertu.
Conde Pumpidok gaur esan du "erabat ados" dagoela Zapaterok presoen agiriaz esandakoarekin
Candido Conde Pumpido Espainiako fiskal nagusiak azaldu du "erabat ados" dagoela Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak euskal presoek Gernikako Akordioarekin bat egin dutela-eta atera duten agiriaz esandakoarekin. Zapaterok atzo esan zuen agiria "indarkeriaren amaierarako pauso adierazgarria" dela. Dena dela, Conde Pumpidok adierazi du "lotsagarria" dela presoek "baldintzak jartzea".
Jose Blanco gobernuko bozeramaile eta Sustapen ministroaren gosari informatibo batean egin ditu adierazpenok fiskal nagusiak. Atzo ere mintzatu zen agiriari buruz, eta "onartezina" dela zioen.
Antonio Camacho Barne ministroak ere uste du "bakerako pausoa" dela EPPK-k emandakoa, "hori ezin da ukatu". Dena dela, presoen agiria "Barne Ministerioaren, Poliziaren eta Guardia Zibilaren estrategiaren fruitua" dela iritzi dio, gaur esan duenez.
Larunbatean Espainiako bost ministro mintzatu ziren agiriaz —tartean, Blanco bozeramailea—, eta denek zioten garrantzitsua dela eta aurrekaririk gabea.