Gasteizko Udalaren ingurumen batzordean agerraldia egin du gaur Gasteizko alkate Javier Marotok. Azaldu duenez, joan den astean Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soriarekin hitz egin zuen eta eskatu zion ez onartzeko zentral nuklearra berriro zabaltzea. Hain justu, atzo Espainiako Gobernuak uko egin zion Soriak Madrilgo Gorteetan agerraldia egiteari; hainbat talde politikok ministroaren agerraldia eskatu dute aurreko egunetan, Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) berriro zabaltzeko aukeraz azalpenak emateko.
Marotok esan du beti iritzi bera eduki duela eta Gasteizentzat "kezka handiko" afera dela. "Koherentziaz gauza bera errepikatuko dut: Garoña itxi egin behar da, behin eta betiko". Gogorarazi du iazko ekainean bere alderdiaren iritziaren kontra jokatu zuela Eusko Legebiltzarrean, Garoña desegitea eskatzen duen proposamenaren alde bozkatuz. "Kezka" azaldu du alkateak, Garoña berriro zabaltzeko aukeraren inguruan argitaratu diren berriak direla eta.
Gasteizko EH Bilduko taldeak, berriz, Marotori eskatu dio "ekintza zehatzak" protagonizatzeko, Garoña berriro zabaltzeko aukeraren aurka. Esate baterako, bilera bat deitzeko eskatu dio, udal taldeen bozeramaileekin eta Nuclenor enpresako ordezkariekin. "Marotoren jokabidea ez dihoa prentsa adierazpenetatik harago", salatu du Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko bozeramaileak. "Alkateak aukera du erakusteko ez dela Endesaren eta Iberdrolaren interesen menpe dagoen txotxongilo bat".