Gasteizko Batera zaintza taldeak bere lana amaitu du

Bi hilabete eta erdiko ibilbidearen ostean, bere egitekoa bukatutzat eman du Batera zaintza sare herritarrak, agerraldi jendetsu batean. «Auzoetako komunitateetan» antolatzen jarraituko dute.

Batera-ko kideek agerraldia egin dute gaur, Gasteizko Plaza Berrian. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2020ko maiatzaren 30a
15:20
Entzun

Martxoaren 14an sortu zen Batera zaintza sare herritarra Gasteizen, alarma egoerak eta COVID-19ak eragindako osasun krisiak zaintza alorrean sortutako beharrak asetzeko asmoz. Itxialdiak iraun bitartean, 25.000 sarekide inguru batu dira Batera komunitatera, auzotan antolatuta. «Hilabete hauetan elkar zaindu dugu, erosketak egin dizkiogu elkarri, haurren zaintza lanetan ibili gara... Finean, gure komunitatearen beharraz arduratu gara». Batera-ko ordezkariek agerraldi jendetsua egin dute gaur eguerdian Gasteizen, eta iragarri dute euren lanari amaiera emango diotela.

Ibilbide honetan arazo ugari identifikatu dituztela azaldu dute: bakarraldiak eragindakoak, krisi ekonomikoak bizitzetan izan duen eraginaren ondorioak... Horietako batzuk osasun krisiaren ondorio izan badira ere beste batzuk krisia hasi baino lehenagokoak direla gogorarazi dute. «Egoera benetan kezkagarria da, arazo larriak dituzten bizilagun ugari ditugulako Gasteizen: jatekorik ez dutenak, alokairua ordaintzeko zailtasunak dituztenak, kaleratze arriskuan daudenak eta kalean bizi direnak».

Instituzio publikoen ardura
Batera-ko kideen ustez, agerian gelditu dira zaintza lanak antolatzeko moduak dituen «gabeziak» eta gizarte zerbitzu publikoak dituen «hutsuneak». Halaber, salatu dute agenda politikoan zaintzari ez zaiola behar duen garrantzia ematen. «Komunitatean antolatzeko arrazoiak ez zaizkigu falta, eta gure sareak birpensatzeko unean gaude», adierazi dute. Hala, orain arteko lan moldea amaituko dute, baina «kalean eta komunitatean» lan egiten jarraitzeko asmoa agertu dute: «Bizitzak zaintzen, defendatzen eta borrokatzen jarraituko dugu. Agurrik ez, auzoan elkar ikusiko dugu».

Hilabete hauetan, Batera zaintza sare herritarrak telefono bat erabili du gasteiztarren beharrei erantzuteko. Baina egoera horiei aterabidea ematea instituzio publikoen ardura dela uste du Batera-k, eta, horregatik, gaurko agerraldian, telefonoa eta horrek dakarren ardura Gorka Urtaran alkateari eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari pasatu diote, ekintza sinboliko batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.