Gotzone Lopez de Luzuriaga eta Jose Ramon Lopez de Abetxulo larri gaixo dauden Gasteizko presoak aske uzteko eskatu dute gaur EAJk eta Bilduk. Bi presoak aske uztea galdegiten duen mozioa aurkeztu dute, eta PSE-EEren aldeko botoa jaso dute Gasteizko Udalean. Eta, beraz, mozioa aurrera atera da. Horrekin batera, erabaki bitartean bi presoak euren bizilekutik gertueneko espetxera ekar ditzatela ere eskatu dute.
Gasteizko PSE-EEko ordezkari Patxi Lazkozek adierazi du ETAk armak utzi ostean beste une politiko eta sozial batean gaudela, eta "aurrera pausoak" emateko unea dela.
Hainbat herritar ezagunek ere eman diote babesa mozioari; besteak beste, Bernardo Atxaga idazleak, Jose Angel Cuerda alkate ohiak, Daniel Castillejo Artiumeko zuzendariak, Iker eta Eneko Pou eskalatzaileak, eta Julio Herrero eta Ana Galparsoso PSE-EEko zinegotzi ohiek.