Gizartea

Gasteizko bizilagun bat atzerritarrak atxikitzeko Bartzelonako zentrora eraman dutela salatu dute

Gertukoek kezka agertu dute Bartzelonako zentro itxian dagoen egoerarekin, eta “instituzioen arrazakeria” salatu dute.

Gaur goizean egindako agerraldia. JUANAN RUIZ / FOKU
Jon Rejado.
2018ko ekainaren 20a
07:27
Entzun

Ekainaren 10ean, Gasteizko Udaltzaingoak Omar izeneko herritar bat atxiki zuten. Espainiako Poliziaren komisariara eraman zuten, eta, bertatik, Bartzelonan atzerritarrak atxikitzeko dagoen zentro itxira. Haren gertukoek eta Alde Zaharreko auzokideek kezka agertu dute bere egoeragatik, eta libre uzteko eskatu dute.

Omarren egoeraren berri eman du Tami Eugik, Omarren kideak. Hogei urte dira Gasteizen bizi dela, eta aberrigabea da. 2012an egoera bertsua bizi izan zuela gogorarazi du, eta, orduan, Madrilgo atxikitze zentrotik Aljeriara bidali zuten, eta, hango presondegi batean hainbat egunez egon ostean, Madrilera itzuli zuten, Aljeriako herritarra ez zela argudiatuta.

Omar Gasteizko bizilaguna dela egiaztatzeko informazioa bildu, eta epailearen erabakiari helegitea jarri diote. Ordea, kasua ebatzi bitartean bere egoera “oso gogorra” dela nabarmendu dute; ebazpenaren aurretik beste herrialde batera kanporatzeko arriskuaz ohartarazi dute.

Lagunek eta auzokideek “instituzioen arrazakeria” salatu dute, eta Gasteizen Omarren egoeran zenbat pertsona egon daitezkeen galdetu dute. “Espainia, Euskal Herria eta Gasteiz, beren politika arrazistak eta kolonizatzaileak direla medio, pertsona migratuen esplotazioaz, lanaz, energiaz eta bizitzaz elikatzen dira, eta, haien beharrik ez dutenean, baztertu egiten dituzte”, salatu du Eugik.  

Horren harira, gogora ekarri dute 2015ean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 1.913 pertsona atxilotu zituztela Espainiako Atzerritarren Legea baliatuta. 2016an 2.307ra igo zirela gaineratu dute, eta urte horretan 119 txosten sinatu zituztela beste horrenbeste pertsona atzerritarrentzako zentro itxietara bidaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.