Sexismoa

Gasteizko dantzaleku bat salatu dute festa sexistak antolatzeagatik

Gasteizko Udalak festa galarazi du, aretoak soinu muga behin baino gehiagotan gainditu duelako.

Gasteizko erdigunea artxiboko irudi batean.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko abuztuaren 17a
15:44
Entzun

Txupitoak musuen truk. Lelo hori zuen Gasteizko dantzaleku ezagun batek larunbat honetarako antolatuta zeukan festak. Gasteizko udalak, ordea, festa egitea eragotzi du; ez festaren edukiagatik, soinu muga behin baino gehiagotan gainditzeagatik baizik. Irabazi udal taldeak kexa adierazi ostean hartu du erabakia udalak. Irabazik salatu du festa hori “sexista” eta “emakumeentzako iraingarria” zela, eta udalari eskatu dio bertan behera uzteko.

Gasteizko Udalak dantzalekua itxi du behin-behinean, dezibelio kopurua bikoizteagatik—22koa da muga, eta 43,9 erregistratu dituzte bertan—.

Ez da lehen aldia dantzaleku horrek horrelako festa bat antolatzen duena; lehenago ere salatu izan dute hainbat eragilek. Iazko martxoan, erraterako, antzeko festa bat antolatu zuen. Orduko hartan ipurdi "politena" aukeratzea helburu zuen lehiaketak. Udalak eta Emakundek kexa azaldu ostean, ordea, bertan behera utzi zuten. Apirilean ere udalak bertze besta bat galarazi zuen, gonarik motzena zeukan jendea saritzen zuelako.

Dantzalekua behin-behinean itxita egongo da, eta, beraz, ezingo dute egin larunbaterako antolatu zeukaten festa. Hala ere, Ingurumen Departamentuak aztertu egingo du, ikusteko ea egitekoa zuten festak Ikuskizunen Euskal Legea apurtzen duen edo ez.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.