“Gure hiriko espazio publikoa okupatu egiten dugu, gure aldarrikapenak bertara eramanez, eraldaketa soziala bultzatuz”. Gasteizko 60 elkarte eta sindikatu baino gehiagok hausnarketa hori jaso duen manifestu batekin bat egin dute. Bertan kalea eta hiriko espazio publikoak erabiltzeko eskubidea aldarrikatu dute, gizartean eragiteko tresna gisa. “Gaur egungo Gasteiz den modukoa da pertsona guztion eskubideak defendatzeko kaleak okupatu dituen jendarte konprometituari esker”.
Hori dela-eta kritikatu dute Gasteizko Udalak “espazio publikoaren erabilpena debekatzea”. Okupatu Gasteiz Eguna “debekatu” izana leporatu diote Udalari, “zergatik eta ekimenaren aldarrikapenak EAJrentzat aproposak ez izateagatik”. “Adierazpen askatasuna eta espazioaren erabilpena ezin dira unean uneko gobernuaren iritziaren menpe egon”.
Udalaren jokabidea dela-eta manifestuaren sinatzaileek Gora Gasteiz Eguneko manifestaziora joateko eskatu diete herritarrei, 12:30etan San Anton plazan. Halaber, 12:00etan aterako diren lau zutabe prestatu dituzte, bertara joateko: Aldabe gizarte etxetik aterako da mugimendu feminista eta presoen eskubideen aldeko mugimendua; Leizaola plazatik okupazioaren aldeko mugimendua; Iparralde gizarte etxetik pentsionistak eta gazteak; eta Aiztogile kaleko sarreratik ekologistak eta errefuxiatuen eskubideen aldeko mugimendua.