GIZARTEA

Gasteizko fotokazetari bat desagertua dago Kolonbian hilaren 8az gero

Kolonbiako iparraldean ikusi zuten azken aldiz; familiak salaketa jarri du, eta Poliziak ikerketa hasi du kasua argitzeko.

2014ko urtarrilaren 25a
01:05
Entzun

Gasteizko fotokazetari bat, Borja Lazaro Herrero, desagertuta dago Kolonbian, hilaren 8az geroztik. Ertzaintzako iturriek baieztatu dute familiaren salaketa jaso dutela, eta Kolonbiako Polizia ere jakinaren gainean dagoela. Efe albiste agentziak azaldu du Kolonbiako Poliziak bahiketen aurka daukan taldea ari dela kasuari buruzko ikerketa egiten. Kolonbia iparraldean, La Guajira izeneko departamentuan galdu zuten Lazaroren arrastoa. Ostatu batean zegoen. Arropak, argazki kamera eta dokumentazioa ostatu hartuta zegoen gelan aurkitu dituzte, Espainiako kontsul Juan Antonio Martinezek azaldu duenez.

Kolonbian turista modura zebilen Lazaro. 34 urte dauzka. Kontsulak jakinarazi du azaro erdialdera iritsi zela herrialde horretara, Mexikotik. Sare sozialetan aritzen da bidaien berri ematen fotokazetaria; Kolonbian egiten ari zen ibiliari buruzko informazioa ere ematen ari zen, hain zuzen ere. Basamortu inguruan desagertu da, La Guajira departamentuan. Penintsula bat da La Guajira; Andeetan dago. Karibe itsasoa du inguruan, eta Venezuela du mugakide.

Ertzaintzak baieztatu du herenegun jarri zutela senitarteko batzuek desagerketari buruzko salaketa, Gasteizko polizia etxean. Espainiako kontsulak berri eman du Interpol erakundearen bitartez harremanetan jarriak direla Ertzaintza eta Kolonbiako Polizia, eta ikerketak martxan daudela dagoeneko. Lazaro bakarrik ari zen bidaia egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.