FCCk eta GMSMk osatzen duten behin-behineko enpresa taldeak eskatu du bertan behera uzteko Gasteizko Udalarekin duten hiria garbitzeko kontratua. Martxoaren 28an egin zuen eskaera ofiziala, kontratua “ez zelako errentagarria”. Udalak bide eman dio enpresa taldearen eskariari; halaber, zerbitzua berriz esleitzeko prozedura abiaraziko duela azaldu du.
Gasteizko garbiketa eta hiri hondakin solidoak jasotzeko kontratua da kostu handiena duena Gasteizko Udalarentzat: 22,8 milioi euro urtero. Kontratua 2015ean sinatu zuen Javier Marotok, alkate izateari utzi aurretik. 2023. urtera arteko iraupena zuen.
2016an hasi ziren udalaren eta enpresaren arteko tirabirak, eta 2017an gogortu zen egoera. Enpresak zenbait langile kaleratu zituen, arrazoi ekonomikoak argudiatuta. Halaber, kontratua handitzeko eskatu zuen, lan absentismoak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko: 1,7 milioi euro gehiago urtero. Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak eskaria atzera bota du, eta enpresak erabaki du kontratua etetea.
Prozesu horretan oposizioko talde batzuk eskatu zuten garbiketa zerbitzua kudeatzeko modua aztertzeko. Enpresa pribatuei esleitu beharrean, udalak zerbitzuaren kudeaketa bere gain hartzeko aukera jarri zuten mahai gainean. Ordea, EAJk eta PPk horren aurka egin zuten.
Kontratua eteteko prozedura hasi dela eta, EH Bilduk, Irabazik, eta Ahal Duguk zerbitzua zuzenean kudeatzeko eskatu diote udalari. PSE-EEk ere eredu horren alde egin du, baina hausnartu du ez dagoela denbora nahikoa denbora sistema “eraginkorra” martxan jartzeko. Beraz, “ahal den kontratu laburrena” eskaintzeko proposatu du, bitartean udalak zerbitzua zuzenean kudeatzeko sistema presta dezan.