Gasteizko gazte bat ZIUn dago, ertzainekin liskarra izan ondoren

Santiago Ospitalean ingresatu dute gaztea, buruko traumatismoarekin. Ertzaintzak dio erori egin dela 19 urteko gaztea. "Arriskuz kanpo" dagoela jakinarazi dute. Poliziak 21 pertsona atxilotu ditu grebaren harira izandako istiluetan. Hainbat pertsona daude zaurituta, tartean sei polizia. Ernek jakinarazi du ertzain batek burezurrean haustura daukala. Iruñean liskarrak sortu dira arratsaldean.

2012ko martxoaren 29a
08:13
Entzun

Gasteizko gazte bat Santiago Ospitaleko ZIU Zainketa Intentsiboko Unitatean ingresatu dute, ertzainekin liskarra izan ondoren. Erietxeko iturriek BERRIAri baieztatu diote gaztea erietxeratuta dagoela. 19 urte ditu. Ertzaintzak dio ihesi zihoala erori egin dela gaztea, eta orduan hartu duela min. Efe agentziak Osakidetzako iturriak aipatuz zabaldu du "arriskuz kanpo" dagoela gaztea. Gero, ordea, Osakidetzak berak esan du pronostikorik ez duela gaztearen egoeraz.

Greba egunaren harira hainbat istilu sortu dira. Gasteizen ertzainak gogor oldartu dira manifestarien aurka, eta hainbat herritar zauritu dituzte. Errenterian, Gipuzkoan, lau pertsona zauritu dituzte ertzainek, pikete baten aurka oldartu direnean, lekukoen arabera.

Bilbon, harriak bota dizkiete auzitegia zaintzen ari ziren ertzainei, eta haietako bi erietxera eraman behar izan dituzte, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Erne sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi du ertzainetako batek haustura daukala burezurrean; egileen aurka neurriak hartzeko eskatu du. ELAk ere salatu du ertzainek pairatutako erasoa. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak jakinarazi du Ertzaintzak "eskura dituen neurri guztiak" jarriko dituela erantzuleak justiziaren esku jartzeko.

Arratsaldean Iruñean sortu dira liskarrak, El Corte Ingles inguruan. Lekukoek jakinarazi dute manifestari bat behintzat anbulantzian eraman behar izan dutela, poliziek borrarekin buruan jota. Arratsaldeko lehen ordura arteko datuen arabera, honakoa da balantzea: gutxienez 21 pertsona daude atxilotuta, eta beste hainbat pertsona zaurituta, tartean sei polizia. Nafarroan atxilotutako hamahiru lagunetatik, adingabeak dira hamaika. "Langileak, inor ez", esan du Carmen Albak, Espainiako Gobernuaren ordezkariak.

Goizaldean hainbat gorabehera izan dira. Lanestosan (Bizkaia), autobus baten azpian jarrita zegoen lehergai bat desaktibatu dute; Barakaldon (Bizkaia), barrikada jarri dute errepidean; eta El Corte Inglesek Bilbon, Gasteizen eta Iruñean dituen dendetan liskarrak izan dira ertzainen eta pikeetetako kideen artean.

Miguel Buen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak esan du talde batzuek piztu dituztela liskarrak, eta sindikatuei eskatu die egiteko horien aurka. Ertzaintzak ustez zauritutako herritarrez ez du informaziorik eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.